Ander Iturriotz, Euskal Idazleen Elkarteko lehendakari berria
GARA | IRURTZUN
Euskal Idazleen Elkarteak Irurtzunen izan zuen atzo urteroko Batzar Nagusia, eta bertan erabaki du gaurtik aurrera izango duen zuzendaritza berria nortzuk osatuko duten.
Batzar Nagusian hainbat bazkide elkartu ziren atzo, EIEren helburuen, proiektuen eta diru-kontuen berri jaso, eta guzti hauen onarpena bozkatzeko. 2009ko balantzea eta egitasmoak onartu eta 2010eko aurrekontua eta egitasmoak ere finkatu ziren batzarrean.
Zuzendaritza Batzordeari dagokionez, hautagaiak aurkeztu eta bozketak egin ostean, Iñaki Friera, Juan Mari Apaolaza, Carmen Valois eta Josu Jimenez Maia izango dira elkartearen gidaritzan Jerardo Elortza, Joseba Tobar-Arbulu, Asier Serrano eta Patxi Salaberriren lekukoa hartuko dutenak. Eta lehendakaritzan, Ander Iturriotz hautagai bakarra aukeratu dute, gehiengo osoz, azken lau urteetako EIEko lehendakari Fito Rodriguezen lekukoa hartzeko.
Batzar Nagusia bukatzeko, eta behin lanak burututa, familia argazkia egin eta Plazaola hotelean elkartu dira gero bertaratutako guztiak, elkarrekin bazkaltzeko.
Analista politikoa
Ander Iturriotz Lauzirika 1961eko urtarrilaren 31n jaio zen Ordizian. Soziologian doktorea da eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea.
Idazle legez makina bat literatur lan ditu argitaratuak. «Birundak (ele laburra)» narrazio liburua (Haranburu, 1982), «Goierri. I. Berrogei ta hiru heiagora» (Haranburu, 1983) eta «Goierri. II. Odolezko oskaisto denero» (Haranburu, 1983) eleberriak, «Boterea gizarte homerikoan» saiakera (Utriusque Vasconiae, 2002) eta «Mugaren ariketa» poesia liburua (Elkar, 2002).
Literaturan genero horiek guztiak lantzeaz gain, Iturriotzek Euskal Herriko hainbat hedabidetan ere politikaren inguruko kolaborazioak egiten ditu, baita analisiak ere.