Elkartasuna delitua ez dela esan, eta Enparantza aske uzteko exijitu dute Antiguan
Jon Enparantza abokatua euskal preso politikoen eskubideen alde lan egiteagatik hartu dutela preso salatu dute Donostiako Antigua auzoko bizilagunek eta hura aske uzteko galdegin.
GARA | DONOSTIA
Jon Enparantza abokatu donostiarra aske utz dezaten exijitzeko agerraldia egin zuten atzo bere auzokideek Antigua auzoan. Enparantza Estanis Etxabururekin batera espetxeratu zuten joan den ostiralean, Jose Mari Sagardui Gatza-ren askatasuna eskatzeko egindako ekitaldiaren harira Auzitegi Nazional espainolean egin zen epaiketara ez aurkezteagatik.
Abokatua euskal preso politikoen eskubideen alde lan egiteagatik gatibu hartu dutela uste dute bere bizilagunek. Aitzitik, presoen eskubide urraketak salatzea, terrorismoa ez, elkartasuna dela adierazi zuten Antiguan.
Estatu espainolak elkartasuna delitu bilakatu nahi duela salatu zuten, eta horri aurre egiten ahaleginduko direla jakinarazi zuten Enparantzaren lagun, senide eta auzokideek.
Azpeitian baraualdian
Azpeitian ere izan zen presoekiko elkartasunaren beste adibide bat. Bertan baraualdia oinarri duen «Asteburu bat koadrila bat» ekimena jarri zuten martxan abenduan. Hamar txanda osatu dituzte dagoeneko eta, gutxi gorabehera, 70 bat lagunek hartu dute parte asteburuetako baraualdi horietan. Beste horrenbeste koadrilak ere ekimenaren lekukoa hartzeko prestutasuna agertu dutela jakinarazi zuen atzo amnistiaren aldeko mugimenduko ordezkariek.
Anoetan eta Zarautzen aldiz, Ertzaintzaren jazarpena salatu dute. Anoetan pankartak eta kartelak kentzen aritu zirela salatu dute. Zarautzen, berriz, Eguzki tabernan sartu ziren ertzainak presoen argazkiak kentzera.