GARA > Idatzia > Kirolak> Saskibaloia

Hondarribia-Irun

Gune arriskutsuetatik alde egiteko ordua da, arerioak arerio

A. G.

Atzetik hiru talde dauzka Hondarribia-Irunek Ligako 17 partidaren ostean: Estudiantes, Canoe eta Ibiza. Madrilgo bi taldeek baino garaipen bat gehiago dute Joan Albert Cuadratek entrenaturiko emakumeek, bost euskaldunek, lau Estudiantes eta Canoek, eta Ibizak baino hiru gehiago. Europarekin amesteko muga, berriz, bi garaipenera dauka. Bada, bederatzi jardunaldi falta diren honetan hobe du arrisku eremu horretatik lehenbailehen alde egitea, are gehiago kontuan hartuta azken lau jardunaldietan porrotak elkarren gainean pilatu dituela.

Zoritxarrez, gaur arratsaldeko aurkariak ez dirudi bolada txar hori amaitzeko aukerarik emango dionik, sailkapenari so eginez gero bederen. Izan ere, Rivas Ecopolis sekulako denboraldia egiten ari da. Ros Casares guztiahaldunaren atzetik, valentziarrengandik garaipen bakarrera, eta Perfumerias Avenidarekin berdindurik, Emakumeen Ligako bigarren postuan dago uneotan.

Javier Fortek zuzentzen duen taldea ez dago ezer oparitzeko, ez Ligan ezta Europan ere. Hala, emakumeen Euroligan final-zortzirenetara sailkatzeko aukera dauka, aste honetan Txekiar Errepublikako Brno taldeari 64-67 irabazi ostean. Horrez gain, Euroligako All Star neurketan Joen eta Bermejo jokalariek jokatu zuten.

Lesioak

Hondarribia-Irunek gauza bakarra izango du bere alde gaur arratsaldeko neurketan: ez duela zer galdu. Helen Luzen eta Maria Revueltoren hutsuneek indar handia kentzen diote talde gipuzkoarrari; bietako bat ere ez da prest egongo gaurko partidarako, eta Anna De Forge bera ere azken unera arte zalantza izango da, arazo fisikoak tarteko astea entrenatu gabe eman baitu.

Rivas Ecopolisen aldetik baja garrantzitsua dute: Ros Casaresek utzitako Tamara Abalde hegalekoa. 21 urte egin berri dituen jokalari galiziarrak lau neurketa baino ez ditu jokatu denboraldi honetan eta joan den asteazkenean eskuin orkatilan artroskopia egin zioten. Bada, arrisku bat gutxiago euskaldunentzat. Irabazteko baliagarri izango ahal da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo