Trenbide bidezko merkantzia-garraioa sostengatzearen aldeko mobilizazioa Baionan
GARA | BAIONA
Trenbide bidezko merkantzia-garraioaren aldeko mobilizazio eguna izan zen atzokoa Baionan, CADE ingurumenaren aldeko kolektiboak, CGT sindikatuak eta Bizi! mugimendu altermundialistak antolatuta. LAB sindikatuak eta Euskal Herriko Berdeek ere bat egin zuten deialdiarekin. Aldarrikapena eta gaiaren azterketa sakona jaiarekin uztartu zuten egunean eta gauean zehar. Mobilizazioaren aurkezpenean, «bagoi bakartiaren sistema» bertan behera uzteak merkantzia-garraioan ondorio larriak dakartzala azaldu zuten.
CADEk eta LAB sindikatuak nabarmendu zutenez, AHTren beharra aldarrikatzen dutenek errepideetako kamioi kopurua gutxitzea baliatzen dute argudio gisa. Alta, Bruselak eta Parisek bultzaturiko tren garraioaren «liberalizazioa» kontrako norabidean doala gogorarazi zuten. Hala, «mozkinak ematen dituzten trafikoak sektore pribatuaren eskuetan gelditu dira». Bagoi bakartiak kenduta «enpresa txiki eta ertainek baliatzen zuten zerbitzua» desagertzen dela salatu zuten CADEk eta LABek. Sistema hori desagerrarazteak lanpostu murrizketa ekarriko duela salatu zuten.