GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Waltarik eta Ezkurrak finalean izateko lan handiena egina dute

Jon LEUNDA

Waltarik eta Ezkurrak iragan igandean hasitako lanari amaiera eman behar diote gaur Donapaleun, eta hemendik bi astera jokatuko den Buruz Buruko finalerako txartela eskuratu.

Segur aski ere antolatzaileak jadanik damutuko ziren finalerdiak bi partidara jartzeaz, izan ere, ia dena erabakita geratu baitzen lehen saioan, eta gaurko partidetarako ez dago ia ikusminik, eta pariatzaile asko ere ez omen dira joango.

16.00etan hasiko da jaialdia, eta lehen partidan Ezkurra eta Ozafrain neurtuko dira. Urruñakoak joanekoa 40 eta 17 irabazi zuen, eta ez dirudi aparteko arazorik izan beharko lukeenik finalean izateko. Horrez gain, gaurko garaipena beretzat izan beharko litzateke, Ozafrainen jokoa asko aldatu ezean behinik behin. Joanekoan alde handia egon zen bi pilotarien artean, eta gaurkorako ere dirua lapurtarraren alde aterako da nabarmen.

Bigarren partidaren egoera ere bertsua da, izan ere, joanekoan Waltarik 40 eta 19 menderatu baitzuen Kurutxari. Beraz, hemen ere gauzak ia erabakita daudela esan daiteke, lehen partida horretan sekulako aldea egon baitzen jokoan.

Gainera, kubatarrak 19 kintze sartu zituen botetik, eta gaurkoan ere arrisku ederra izango da. Hortaz, eta ezeren okerrik ez dela, bi aste barru Waltari eta Ezkurra neurtuko dira Baionan jokatuko den finalean. Hori horrela ez bada, eta gauzak nola dauden kontuan hartuta, ezuste handia izango litzateke, ia-ia mirakulu bat gertatu beharko litzateke, eta horrelakoak gutxitan gertatzen dira.

Finala hemendik bi astera jokatuko da, baina datorren asteburuan abiatuko da Binakako Txapelketa.

Azken urteetan bezalaxe, txapelketa bat amaitzerako bestea hasi egiten da, eta aurten ere horrela izango da. Lehiaketaren xehetasunak, bikoteak, eta gainerakoak, astean zehar emango dituzte ezagutzera Federazioko kideek.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo