Xabier Izaga Irakaslea
Pare bat topiko Jon Etxeandiarentzat
Lorentxa Gimonen gose grebaren 39. egunean, haren egoera muturrekoak kezkatuta, egunkari honen web orrira agertzen eman nian arratsaldea, harik eta -kartzelaz aldatuko zutela agindu zioten-eta- bere protesta bertan behera utzi zuela agertu arte. 39 egun jan gabe zazpi urteko alaba besarkatzeko, beste euskaldunen batekin hitz egin ahal izateko... Baina zer esango diat hiri, Jon, egunek eta gauek beren orduak, segundoak biderkatzen dituztenean igarotzeaz? Zer esango diat oinarrizko eskubideei heltzeko etsipenerainoko sufrikarioa lagun bakar izateaz? Horretan nenbilean telefono dei bat jaso nuenean, hire berri jakinarazteko deia. Disgustua hartu nian, Jon, eta horregatik ez nauk ez hire lagunago ez zintzoago, baina disgustua hartu nian.
Hik beharbada barre egin eta topikoren bat esango hidake; esate baterako, heriotza bizitzaren parte dela. Eta nik beste topiko batekin erantzungo diat, gure baitan, gure solasaldietan etengabe bizirik hagola, eta hala jarraituko duala. Topikoa, baina egia osoa. Gure aho-bihotzetan eta Ataramiñe literatur koadernoetan, besteak beste, biziko haiz aurrerantzean. «Kartzelako lanak» ederto eginda utzi hituen... literarioak ere bai, jakina; baina hori nahikoa ez eta Ataramiñe sustatu eta argitaratzeko lanetan murgildu hintzen berehala. Hartara, preso nahi duten hitza, ezkutuan, urrunean nahi duten hitza, urtero gure artera aske agertzea hiri zor diagu neurri handian. Hori ez duk topikoa, eta bai egia, ordea.
Norbait hiltzen denean, lagun jator eta atsegina izan zela esan ohi baita, nik originalagoa nahi nian izan halakoak saihestuta. Hala ere, esan beharra diat, halaxe hintzen eta. Barkatuko ahal didak hire jenialtasunaren aspaldiko lagin txiki hau hona ekartzea, «Lapurketa» poema, hain zuzen: «Zilegitzat nuen poemak idaztea,/ baina mundu hau/ ez dago kontu askotarako/ Ene poemak/ poliziak kendu zizkidanean/ komisarioak esan zuen/ el cuaderno de las chorradas/ desartikulaturik zegoela».
Jon Etxeandia Zorroza, lanbidez euskaldun solidarioa, plazer handia izan duk hi ezagutzea. Beti arte, adiskide.