GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Floren Aoiz www.elomendia.com

Mandelamania

Zenbatetan presionatu zuten Mandela «terrorismoa kondena zezan». Ez zuen egin. Ez zen indarkeriaren inguruko zurikeriaren iruzurrean erori. Kondena ergelak alde batera utzita, indarkeriarik gabeko Hegoafrikaren aldeko hautua egin zuen

Duela 20 urte atera zen kartzelatik Nelson Mandela. Orain, terroristatzat jotzen zutenek heroitzat aurkezten dute. Arrazakeria gainditu eta aro berria ireki zuen Hegoafrikan -diote- bakea lortuz. Eredu bat da Nelson Mandela. Jende askorendako, baita atzo, gaur eta beti «Mandelak» kartzelatzen dituzten horiendako ere. Hegoafrikako Mandela txalotzen duten bitartean, Euskal Herriko Mandelak preso gorde dituzten horiendako, hain zuzen.

Txalogarria da, zinez, Nelson Mandela. Borrokalari sutsua, etsipenari hamaika gatazka irabazi ondotik, akabatu nahi zutenen gainetik pasa zena. Bere ideiengatik kartzelatua, gaizki tratatua, zigor luzea jasan zuen gizona. Hori da estatu gizon ospetsu bilakatu zena. Batzuek ibilbide hori manipulatu eta atal batzuk soilik nahi dituzte aipatu. Komeni zaielako orduko apartheid-a nahiz oraingo injustizien aitzinean duten jarrera estaltzea.

Ederki ezagutzen dugu, berriz, batzuen hitzen gibelean ezkutatzen den zurikeria. Mandelak ordezkatzen duen mundua ikusteko era baztertzen dutela egunero. Mandela guziak kartzelatuko zituztela, beren interesak gehiengoaren gainetik ezartzeko.

Batzuek Che Guevararen irudia negoziorako ikur bilakatu zuten moduan, beste batzuek Mandelaren ibilbidearekin trafikatu nahi dute, burua garbitzeko eta gaur egungo borrokalarien kontra aritzeko.

Ez da Hegoafrikara joan behar apartheid zer den ikasteko. Munduko bazter gehienetan gauzatzen dute gutxi batzuek beste guztiak menperatzeko. Zer da kapitalismoa, finean, apartheid erraldoia baizik? Munduko biztanle gehienen interesak baztertzen dira, batzuenak babesteko. Hemen, gure herrian, ilegalizatuak baztertuak dira, kriminalizatuak, boza emateko eskubiderik gabekoak.

Hegoafrikan gertatu zena astakeria izugarria zen. Kontua ez da, inondik inora, hangoa eta beste lekuetan gertatzen dena alderatzea, baina zapalkuntza eta injustiziak leku askotan gertatzen dira eta, zorionez, Mandelaz betetako mundua da gurea, Mandela horietarik gehienak Nelson Mandelak izan duen ospea ezagutu gabe hiltzen diren arren.

Hobe eginen lukete batzuek Mandelarengandik ikasgai batzuk hartuz. Arazoak konpontzen, elkarrizketa eta akordioen bidez gatazkak gainditzen, esaterako. Ikasten ahal dute, bestela, kartzelak ez dituela auzi politikoak bideratzen. Errepresioa ez dela gai askatasun grinari ateak ixteko.

Mandelaren gaua luzea izan zen, baina eguna iritsi zen, eguzkiak barreiatu zituen lainoak eta askatasunaren bidea zabaldu zen. Zenbatetan presionatu zuten Mandela «terrorismoa kondena zezan». Ez zuen egin. Ez zen indarkeriaren inguruko zurikeriaren iruzurrean erori. Kondena ergelak bazter utzita, indarkeriarik gabeko Hegoafrikaren aldeko hautua egin zuen. Horregatik, hain zuzen, Mandela politikari ospetsu eta miresgarria da, mundu osoan ezaguna. Ibilbide luze horretan eskatzen zioten kondena sinatuz gero, kalean borrokan segitzen zutenak salatu izan balitu, nork ospatuko luke orain duela 20 urte Nelson Mandela kartzelatik atera zela?

Hauxe da batzuek beren zurikerien jarioaz baztertu nahi duten hausnarketa. Euskal Herriko gure hamaika Mandela horien jarduera ulertzeko gakoa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo