Jose Antonio Aranburu Natxitua
Herri eskolak indarrean
Herri bat umerik gabe, aje-herri bat besterik ez dela azaleratu dute herri- eskolek. Eta horrela Euskal Eskola Nazionalaren beste urrats txiki bat bihurtu zaizkigu
Globalizazioaren mozorro desberdinek inguratzen gaituzten garaian eta Obama Bakearen Nobel saridun izendatzearen absurdoaren sasoi eroan, badira -hala ere- txikigintzaren (berba hau, lehenengoz, Jon Sarasuari entzun nion bertsolaritzaz ari ginela) lekukotzak gure herri eta herritxoetan: eskola txikiak.
Erkidego Autonomoan 2010-11rako matrikula egiteko zabaltze egun berean, Kantauri euskal ispazterra beste honelako batek jantzi eta dotoretu du; indarberriko egingo du. Natxituko eskolan ere matrikula zabalik dagoela adierazten dugu. 8 ume eta ilusio handiz eta beharrerako gogo handiagoz betetako bi andereñorekin abentura zoragarri barri bat hasi dugu: eskola txiki barri batek bere bidea abiatu du. Zoriontsu sentitzeko motiboak baditugu.
«Eskola txikiak bizirik» zioen leloak, orain urte batzuk, herri txikietako eskolen biziraupena edo erreibindikatu guran. Harrezkero, defentsiba kutsua duen aldarria lubakietatik haratago joan da eta «bizirik» mantentzetik «bizia» ematera heldu dira.
Atzera, baina ez hain urrun, begiratzen badugu, hor ikusiko ditugu ikastolen mugimenduaren sorrera, eskola publikoetako euskalduntze prozesua, pedagogia mugimendu berrien sortzea herri honen etorkizun propioa lantzeko borondate argiaren isla moduan; tarte horretan, ordea, hainbat herri txikiko arima ziren eskola txiki asko itxi egin ziren. Kostuak, «umeak ez zirela ondo prestatuta ateratzen», «boronismoari aurre egin behar zitzaiola»... Sasi argudio ugariz apaindurik, txoko, kulturgune edo sasietxe bihurtzeko, bertan behera gelditu ziren hainbat eskola-eraikin. Herri txikietatik eskualde buruetara edo hirietara behar bila joate horrek, aurretik eraman zuen euskaldunok hain maite eta hain emankor landutako bizimodu horizontala, auzolanerakoa. Eskolak ere ez ziren libratu.
Tira, beti dago tartean ikuspegi miopeari gaina hartzeko dagoenik eta batzuetan -zorionak, esate baterako, Gautegiz Arteagakoei eta bereziki Jose Luis maisuari- eskola txikien desagertzeari aurre egin zionik. Eskola kontzentrazioak ez zuela umeen prestakuntza hoberik ekarriko, deserrotzea ordea bai, herria amildegira bidean jarri bai, zaharrez bete bai, alaitasun iturriak idortzea zekarrela, argi gelditu da; mantendu ziren eskola txikiek eta sortuberriek, ostera -ikastoletako aitzindariekin pasatu zen bezala- bizirik ez ezik, indarrean daudela frogatu dute. Planteamentu ekonomizista miserableetatik haratago, herri txikiek badute dinamika propioa, hur-hurrekoa, txikien artekoa, aberatsa; eta eskolak bizitza horretatik ase behar du eta aldi berean jario hori elikatu. Ongizatea gunera joz, umeak beren herrian baino hobeto non? Herri bat umerik gabe, aje-herri bat besterik ez dela azaleratu dute herri-eskolek. Eta horrela Euskal Eskola Nazionalaren beste urrats txiki bat bihurtu zaizkigu.
Gaur inauguratuko da ofizialki Natxituko eskola Ea, Bedaroa eta Natxituko umeen esperoan. Baina eskola ez da ume sasoian pertsonei gaitasunak eta eduki kognitibo zein bestelakoak bideratzeko soilik izango; herri dinamikaren osagarri bihurtuko da, beste hainbat herri txikitan bezalaxe; indarra emango dio herriari eta herriaren indarretik elikatuko da. Herriko umeak bere inguru naturalean heziko dira eta sanoago gainera; ez dute goiz-goizetik premiarik gabeko eskola-autobusik hartu beharko. Orain artekoei, beste bat gehituko zaie; guraso gazte eta adoretsu talde baten sormen lanari eta ahaleginei esker, besteak beste. Biba zuek! Ez da erraza izan; 2007an ere izan ziren saiakerak, baina hauteskunde urtea zelako edo honelako gaiek, fruituak bezalaxe, umotze prozesua behar dutelako-edo, 2010era arte itxaron behar izan da Ea udalerriko umeek eskubidez dagokien euren eskolaz gozatzeko. Aurrerantzean umeentzat ez ezik, beste herritarrontzat ere gozamena izango dugu eskolari esker.
Txikigintzan jardungo dugu `mundu globalizatuan.