GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

PSEk aldaketa baino iseka, Praileaitzen auzian

Gasteizko Gobernuak ekarritako aldaketa berehalakoa izan da, eta berehala barneratu dute herritarrek, Patxi Lopezek aspaldi ez dela esan zuenez. Arazo bakarra, beraz, herritarrak dira, argiegiak ez direnez, oraindik ez baitira aldaketa handiaz ohartu. Oraingoan, ordea, Kultura Sailak Praileaitz eta haren ingurua babesteko dekretua aldatzeko asmoaren berri dutenean, bat-batean sumatuko dute aldaketa. Ez Gobernuaren aldaketa, ordea, PSEren jarrerarena baizik.

Aurreko legegintzaldian, Parlamentuko talde guztiak agertu ziren EAJren jarreraren kontra, kobazuloa eta mendi-mazela babestu beharra dagoela esanda, zientzialariek eta legeak berak aurreikusten dutena oinarri. Orain, ordea, mendi-mazela babestea babes perimetroa hamabost metro zabaltzea dela sinetsarazi nahi du Lakuako Gobernuak. Baina hamabost metro horiek EAJren eta PSEren jarreren arteko alde txikia baino ez dira, inola ere ez funtsezko neurria.

PSEk oposizioan sutsuki defenditzen zuena itxurakeria hutsa zela agerian utzi du Gobernuan dela, administrazioak negozio pribatuen zerbitzura jarrai dezan onartuta. Lakuako Gobernua zentzugabekeriari eusteko prest dago, beraz, eta gainera Praileaitz eta haren inguruaren babesaren konponbide gisa aurkeztea euskal ondare historiko eta kulturalari, eta herritarrei, iseka egitea da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo