Kontsumo prezioen indizeak %1,3 egin zuen behera Hego Euskal Herrian urtarrilean
Abenduko prezioekin alderatuta, urtarrilean %1,3 jaitsi ziren prezioak. Arropa eta oinetakoak merkatu ziren gehien. Urtebetean berriz, %0,7 igo dira prezioak. Alkoholdun edariak eta tabakoa %11,5 garestitu dira.
GARA | DONOSTIA
Kontsumo prezioen indizeak (KPI), aurreko hilabetearekin alderatuta, %1,3 egin zuen behera joan den urtarrilean Hego Euskal Herrian. Urtebetean, berriz, hau da, 2009ko urtarriletik aurtengo urtarrilera bitartean, %0,7ko gorakada izan zuten prezioek.
Urtarrilean Nafarroan eta Araban izan ziren prezio jaitsiera handienak, %1,4koa hurrenez hurren. Bizkaian eta Gipuzkoan apur bat baxuagoa izan zen, %1,2. Urtetik urterako KPIan berriz, Bizkaian %1,1 igo ziren prezioak, Araban eta Gipuzkoan %0,7 eta Nafarroan %0,5.
Arropa eta oinetakoak
Ondasun eta zerbitzuei erreparatuz, joan den urtarrilean arropa eta oinetakoen prezioek izan zuten jaitsiera handiena Hego Euskal Herrian, %14,5koa. Aisia eta kultura ere merkatu egin ziren, %1,9. Nafarroan jaitsiera nabarmenagoa izan zen %2,3koa. Etxea hornitzeko ondasunak, hotel, kafetegi nahiz jatetxeetako prezioak, baita elikagai eta alkoholik gabeko edariak ere, merkeago izan ziren urtarrilean abenduan baino.
Prezio igoerak begiratuta, igoera handiena garraioan izan zen, %1,55koa zehazki. Alkoholdun edarien eta tabakoaren prezioak %1,4 egin zuten gora eta etxebizitzenak %0,8. Sendagaiak ere garestitu egin ziren. Alor honetan, Nafarroako indizea Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabakoaren aldean oso goian jarri zen. Izan ere, urtarrilean %1,8 garestitu ziren sendagaiak Nafarroan, hilabeteko prezio igoera handiena izanik. Bizkaia, Gipuzkoa eta Araban berriz, garestitu ziren baina ez hainbeste, %0,4.
Alkoholdun edariak eta tabakoa
Hamabi hilabeteko tartea oinarri hartuta, kontsumo prezioen indizean alkoholdun edariak eta tabakoa izan ziren gehien garestitu ziren produktuak, %11,5 hain zuzen ere. Bestetik, garraio zerbitzuak %5,3 garestitu ziren urtebetean, %4,9 Nafarroan eta %5,8 Bizkaia, Gipuzkoa eta Araban; irakaskuntzak berriz %2,6 egin zuen gora, %3 Nafarroan, eta %2,2 hegoaldeko beste hiru herrialdeetan.
Beste aldean, gehien merkatu ziren produktuak alkoholik gabeko edariak eta elikagaiak izan ziren: %2,1 Hego Euskal Herrian. Zehazki, %2,4 Nafarroan eta %1,8 Bizkaia, Gipuzkoa eta Araban. Halaber, arropa eta oinetakoen prezioek %0,85 egin zuten behera. Aisialdi eta kultura arloko prezioek ere behera egin zuten Hego Euskal Herri osoan. Nabarmena da, ordea, Nafarroako jaitsieraren, %4,5ekoa, eta Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabakoaren, %1,1, arteko aldea.
Urtebeteko tartean KPI kontsumo prezioen indizeak %0,7 egin zuen gora Hego Euskal Herrian. Bizkaian %1,1 igo ziren prezioak, Araban eta Gipuzkoan %0,7 eta Nafarroan %0,5.