GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Binakako Txapelketa

Uda beroko arazoak, negu hotzean konpondu behar

Irujo-Beroiz eta Berasaluze VIII.a-Begino neurtuko dira Labriten. Bigarren bikoteak garaipena behar du.

p039_f03_97x76.jpg

Imanol CARRILLO

Iazko uda beroa amaitu zenetik denbora luzea joan da, eta orain neguaren erasoak jasaten ari gara Euskal Herria osoan. Kaleko hotz eta elurretatik ihes egiteko alternatibarik onenetarikoa pilotaleku batean sartu eta pilota partida batekin gozatzea izan daiteke.

Eta horretarako Iruñeko Labritera joatea izan daiteke gaur arratsaldeko planik onena. Bertan arituko dira, 18.10etik aurrera (Tele5), iragan oso hurbil bateko kontuak konpondu edota argi utzi nahi dituzten bi bikote: Irujo-Beroiz eta Berasaluze VIII.a-Begino.

Erdarazko «Mendekua hotzean zerbitzatzen den platera da» esamoldea inoiz baino presenteago izango dute buruan lau pilotariek. Izan ere, Aspeko eta Asegarceko kirolariak udako egun bero horietako erregeak izateko lehiatu ziren jaialdiz beteriko urtaroan.

Oraingo testuingurua zeharo ezberdina da. Hilabete dezente igaro dira ordutik -tartean txapelketako norgehiagoka bat jokatu dute, Irujo eta Beroizen garaipenarekin-, eta bikote bakoitzaren egoera fisikoa ere ez da berbera.

Irujori eta Beroizi dagokienez, orain arte ikusitakoaren arabera, Binakako Txapelketan da- goen bikoterik sendoena da. Ligaxkan jokatutako bost jardunaldietan ez dute porrotik jaso. Gainera, Irujok bikotez aldatu behar izan zuen Beroizen lesioa zela-eta, baina horrek ez zuen batere ondorio txarrik izan, eta Eulaterekin batera beste garaipen bat lortu zuen.

Aspekoa, gainera, tanto gutxien jaso duen bigarren bikotea da, Titin III.a eta Pascualen atzetik -bigarren dira bi hauek sailkapen nagusian-. Berasaluze VIII.ak eta Beginok, aldiz, ez dute bi nafarren erregulartasuna erakutsi. Bi garaipen eta hiru porrot bildu dituzte orain arte. Bosgarren tokian daude kokatuta sailkapen nagusian, eta garaipena lortzea ezinbestekoa zaie finalerdietarako txartela lortzeko bidetik atera nahi ez badute.

Beraz, pizgarri ugari dituen lehia da gaurkoa: txapelketan beste puntu bat lortzea, udako kirol-tirabirak konpontzea eta kaleko hotza astintzea.

Labriteko jaialdian beste bi partida jokatuko dira. Chafeek eta Zearrak Leiza eta Eskudero izango dituzte aurkari 17.15ean hasiko den lehenengo norgehiagokan. Lehia nagusiaren ostean, eta jaialdiari amaiera emateko, Belloso-Oteiza eta Olaetxea-Beobide arituko dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo