Mobilizazioekin egingo diote harrera torturaren aurkako egunari
GARA | DONOSTIA
Torturaren aurkako eguna gaur den arren, ugari izan ziren aurreratu eta mobilizazioak atzo egin zituztenak. Lazkaon adibidez, 68 lagun bildu ziren torturaren erabilera salatzeko, Sestaon 80 izan ziren, 55 Altsasun eta 60 Basaurin. Donostian ere ekimena egin zuten Ibarrolaren artelan bat erabiliz.
TATek Iruñeko Gurutze Plazako ikastetxean gaur egitekoa zuen mahai-ingurua Hotel Tres Reyes-en egingo du, UPNk Hezkuntza Sailaren bitartez debekatu ostean. Torturaren «aurpegiak» aztertuko dira bertan eta beste hamaika lekutan mobilizazioak izango dira gaur.
Bestalde, Askatasunak jakitera eman duenez, Lorentxa Guimon, 39 eguneko gose greba berriki amaitu duen preso angeluarra, Rennes-eko presondegiko sarrera-moduluan dago. Dirudienez, kartzelariek Guimoni gezurra esan eta Rennes-eko zentralera eraman ordez prebentzio moduluan zegoela sinetsarazi zioten, preso politikorik ez dagoen eta baldintza gogorragoak dituen moduluan. Sarrera-moduluan egotea ordea, arrunta da, kartzela horren prozeduraren arabera. Horrez gain, mediku baten kontrolpean jaten hasi dela aipatu du Askatasunak bere oharrean.
Presoen alde, kalean
Ostiralero bezala, bestalde, makina bat mobilizazio egin ziren presoen eskubideen alde. Gasteizen 464 lagunek egin zuten bat protestan, 240k Donostian, 140k Bilbon eta 275ek Hernanin. Antzuolan 20 eta beste hainbeste Legorretan eta Usansolon; 22 Berrizen; 90 Lekeition; 182 Ondarroan; 15 Lezaman; 33 Getarian eta Lezon; 168 Zarautzen; 10 Gatikan; 40 Amara auzoan; 49 Lizarran; 28 Mundakan; 60 Bergaran; Elizondon 25; 40 Arbizun; 45 Barañainen eta 12 Beran. Ehun bat lagunek elkarretaratzea bertan behera utzi behar izan zuten Zornotzan Ertzaintzaren mehatxuengatik.