GARA > Idatzia > Euskal Herria

Maiatzaren 9an jarriko dute abian atez ateko zabor bilketa Hernanin

Gaia aztertzen hainbat hilabete eman ondoren, dagoeneko finkatu du Hernaniko Udalak gaikako zabor bilketa abiarazteko eguna: maiatzaren 9a. Iritsi bitartean gogor jardun beharko dute prestatze lanetan.

p017_f02.jpg

Janire ARRONDO | DONOSTIA

Kaleko ohiko edukiontziek ez dute luzaro iraungo Hernaniko kaleetan. Izan ere, atzo hango alkate Marian Beitialarrangoitiak emaniko azalpenen arabera, maiatzaren 9an ekingo diote atez ateko zabor bilketari. Usurbilen ia urtebetez martxan dagoen zabor bilketa era eredu hartuta jarriko dute martxan Hernanin proiektu hau.

Beitialarrangoitiaren hitzetan, atez ateko bilketak «ondo funtzionatzen duelako» hasiko dira Hernanin ere hondakinak gaika jasotzen. «Emaitzak oso onak dira, gehien-gehiena bereizita jasotzen delako eta bide batez herritarren artean kontzientzia zibikoa zabaltzen delako», esan zuen. Oraindik sistema batetik besterako trantsizioa nola egin guztiz finkatua ez badute ere, dagoeneko hainbat erabaki hartuak dituzte herritarrekin egindako biltzarretan.

Garbi dute, adibidez, jende pilaketa handiak izaten diren gune eta garaietan zabor ontziak ez direla agerian izango. Hala, herritarrek egun bakoitzean tokatzen dena iluntzeko 20.00etatik 23.00ak bitarte utziko dute etxe atarietan; ondoren, bilketa gauez egingo da. Organikoak hiru egunetan jasoko dira aurrez Udalak banatuko dituen ontzietan; asteazken, ostiral eta igandeetan. Astelehen eta ostegunetan, berriz, ontzi arinak, ohiko edukiontzi horietara botatzen direnak; astearteetan, papera eta kartoia; eta larunbatetan errefusa, birzikla ezin daitekeena.

Oraindik erabakitzeke dago, hala ere, ontziak uzteko eskegilekuak non kokatuko diren. Bizilagunak euren proposamenak egiten ari dira eta, oraindik ere, datorren aste osoa izango dute horretarako. Hala ere, alkatearen hitzetan, «ahalik eta azkarren» kokalekuak adostu eta ontzi banaketa egiten hastea da euren asmoa.

Datozen hiru hilabete hauetan herritarrek informazio guztia izan dezaten bilerak egin eta informazioa emango dute Udalekoek. Era berean, sistema aldaketa bizilagunentzat «ahalik eta modu erosoenean» egiten saiatuko direla hitz eman zuen alkateak.

Bide horretan euren «laguntza osoa» eskainiko dutela azaldu zuen Ricardo Ortega, San Markos Mankomunitateko lehendakariak. Ortegak eurek hasieratik «zabor kudeaketa iraunkor» baten aldeko apustua egin zutela esan zuen eta Usurbilgo atez ateko proiektua nolako emaitzak ematen ari den ikusita «benetako alternatiba» hori dela defendatu zuen.

eskariarekin bat

Beitialarrangoitia Hernaniko alkateak bat egin zuen herenegun Usurbilgo alkate Xabier Mikel Errekondok Gipuzkoako Aldundiari errauste plantaren proiektua gutxienez sei urtez atzeratzeko egindako eskariarekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo