GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora Urrezko lehiaketa

Gipuzkoarren artean erabakiko dira final-laurdenak

Arria eta Txapartegi Olasagastiren eta Etxebesteren aurka neurtuko dira Leitzan. Irabazleek Rekondo-Atutxa izango dituzte aurrez aurre finalerdietan.

p037_f02.jpg

Jon LEUNDA

Urrezko Aizkoran final-laurdenetako azken kanporaketa jokatuko da gaur Leitzan 19.30etik aurrera. Bertan Arria V.a eta Txapartegi Olasagastiren eta Etxebesteren aurka neurtuko dira.

Gipuzkoarren arteko dema biziki interesgarria geratu da, eta faborito garbirik gabe. Txapartegik eta Arriak oso itxura ona eman dute orain arte, eta, beraiek diotenez, saioak aurrera egin ahala hobetzeko itxaropena dute.

Igeldoarrek, berriz, biko oso sendoa eta eskarmentu handikoa osatzen dute. Zutikako lan dezente izaten da lehiaketa honetan, eta hor oso onak dira Etxebeste eta Olasagasti. Azken hau, gainera, Mendizabalen aurkako apustua prestatzen ere ariko da, eta han enbor guztiak zutik izango dituenez, saiatuko dira aldea zutikakoan ateratzen. Garaipena lortzen dutenek Rekondo eta Atutxa izango dituzte finalerdietan.

Atzeratuta

Bihar eguerdian Espejon lehen finalerdia zuten jokatzekoa Donato eta Ohian Larretxeak Nazabalen eta Jauregiren aurka, baina elurra dela-eta ez da jokatuko, eta Espejon izatekoa zen saio osoa bertan behar geratuko da.

Zilarrezko Aizkorako azken final-laurdena ere jokatzekoa zuten Dorronsoro-Irazabal eta Llanos-Kintana bikoek, baina hori ere ez da jokatuko, eta ekinaldi honetarako beste data bat topatu beharko dute.

Zilarrezko Aizkoran gaur finalerdi bat jokatuko da, Leitzan hain zuzen, Urrezko Aizkorarekin batera. Saralegi I.ak eta Olanok Kañamares I.aren eta Kañamares III.aren aurka neurtuko dituzte indarrak. Garaileak martxoko azken larunbatean Azpeitian izango den finalerako sailkatuko dira. Saralegi-Olano dira faboritoak.

Biek maila nagusiko lehiaketa ere jokatu dute Lasa eta Otaño ordezkatuz, nahiz eta bi norgehiagokak galdu. Orain Bigarren Mailakoa irabazteko faboritoetakoak bihurtu dira Mugertza III.a eta Aizpururekin batera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo