Abadiñok eta Badaiotzek txapela ziurtatzeko aukera dute
J.L.
Iruritako pilotalekuan 560 eta 500 kiloko bigarren jardunaldiak jokatuko dira gaur 17.00etatik aurrera, eta hori amaitutakoan aurtengo Euskal Herriko Txapelketa amaitzeko jardunaldi bat besterik ez da geratuko.
Gizonezkoak arituko dira 560 kilotan, eta bertan Abadiño, Amaiur, Sokarri, Ñapurrak, Berriozar eta Barrundia lehiatuko dira.
Abadiñok irabazi zuen lehen jardunaldia, eta gaur gauza bera egingo balu, txapela eskuratzeko urrats garrantzitsua emango luke, izan ere, hala, azken jardunaldira alde nabarmenarekin helduko litzateke.
Amaiur izan da orain arteko talderik arriskutsuena, eta nafarrak gaur etxetik gertu arituko direnez, ahaleginduko dira lan ona egiten.
500 kilotan, emakumeak arituko dira, eta hor Badaiotz, Sakana, Beti Gazte eta Ibarra neurtuko dira. Egoera beretsuan daude. Badaiotzek irabazi zuen lehen jardunaldia, eta gaur ere gauza bera egingo balu, urrats handia emango luke txapelaren lehian, izan ere, besteei alde nabarmena ateratzen die. Sakanak lortu zuen joan den astean bigarren postua.
Hau amaitutakoan, datorren asteburukoa geratuko da, eta emozioa izan ala ez, gaurko saioen ostean jakin ahal izango da.