GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Jesus Valencia Educador Social P. Meabe, P. Etxebeste, A. Garcia eta R. Balenziaga I SSD-Justizia eta Bakea

Krisia, mehatxu larria gizarte bizikidetzarako

Krisialdi mingarri honen benetako zergatiak hausnartu eta aurre egiteko beharrezkoak diren neurriak hartu ondoren, garrantzitsua da norberak zerbait galtzeko jarrera hartzea, besteen onerako bada batez ere

Bat. Ekonomia datuen interpretazio ofizialak dio hasiak gaudela jada krisialdi gordinenetik irteten, nahiz eta hemen erritmoa askoz motelagoa izan Europar Batasuneko herrialde gehienetan baino, hemengo erorialdia askoz larriagoa izan baitzen. Espainiako Gobernuko lehendakariak Ekonomia Iraunkorreko Lege Proposamena aurkeztu du Diputatuen Biltzarrean, ekonomia hazkunderako eredua aldatzeko xedearekin, ekonomia errealean oinarririk gabeko hazkunde monetario faltsuak eragozteko asmotan. Esparru horretan legoke enpresaburuak eskatzen ari diren lan erreforma berriaren proposamena, langileak kontratatzeko eta kaleratzeko askatasun handiagoa emango lukeena eta malgutasun handiagoko enplegu modalitateak jasoko lituzkeena. Sindikatuek, ahalik eta gutxien galtzeko asmoz, langileen eskubideak aldarrikatuz erantzun dute eta mobilizazioak agindu dituzte, baldin eskubide horiek errespetatzen ez badira. Egia da badirela zenbait enpresaburu txiki eta ertain, krisiaren ondorioak arintzeko ahaleginetan, sakrifizio pertsonal gogorrak egiten ari direnak, enpresaren jarduerari eta lanpostuei eustearren, inor askoren eskerrik jaso gabe. Baina gutxiengoa dira.

Hona hemen gure errealitateko zenbait datu, berez, sistemaren ezaugarri direnak baina, krisiaren eraginez, areagotuak:

- Langabezia, irizpide sozio-ekonomiko okerrentzat hartzen dena, denbora laburrean ia bikoiztu egin da espainiar Estatuan, biztanleria aktiboaren %20raino iritsi arte; EAEn langabezia tasa askoz apalagoa genuen, baina ia %11raino igo da hemen ere. Horrek erakusten du ez zuela sendotasun handirik azken urteotan sortutako enpleguak.

- Langabeziaren kontrako borroka, lege eta lan erreforma askoren ezaugarri gisa aurkeztu bazen ere, krisi larria etorri eta erreforma horiek aplikatzean, ikusi da izugarri murriztu direla langileriaren parte ahulenaren gizarte eta lan eskubideak.

- Erraztasun handiak daude langileak kaleratzeko, eta are merkeagoa izatea nahi dute; zazpi milioi langilek dute aldi baterako kontratua (biztanleria aktiboaren %35) eta kontratu horien erdiak baino gehiago ez dira hilabeteko iraupenera iristen.

- Azken urteotan lanaren eta aberastasunen banaketan dezente hazi dira desberdintasunak. Adibidez, ondarearen arabera neurtzen badugu (askoz esanguratsuagoa diru-sarrerak baino), familia aberatsenen %10ak hamasei aldiz ondare bolumen handiagoa du populazio behartsuenaren erdiak baino, Espainiako Bankuak egindako Familien Finantza Inkestaren arabera.

Hori guztia dela bide (eta gehiago ere aipa litezke: higiezinen espekulazioa, gizarte gastuaren jaitsiera, etorkinen esplotazioa...), populazio babesgabeenak gaitasunik gabe ikusten du bere burua egoerari erantzuna emateko, beldur baita ez ote dioten kontratua berrituko. Eta hori kaleratzeko beste modu bat baino ez da.

Oharturik gaude hitzarmen kolektiboen gaur egungo «negoziazio» gehienetan ez dela jada eztabaidatzen langileen eskabideez, baizik eta enpresak planteatzen dituen asmoez. Patronalak zalantzan jartzen ditu, behin eta berriro, indarrean dauden langileen eskubideak, betiere enpresaren bideragarritasuna aitzakiatzat harturik, eta sindikatuak, halako mehatxuen aurrean, murriztapenak ahalik eta txikienak izan daitezen saiatzen dira. Salbuespen gutxi batzuk kenduta, ez da eztabaidarik sortzen eskubide berrien inguruan edota indarrean daudenak kontratatu berriei ere aplikatzeari buruz. Zoritxarrez, beste joera bat ere ugaltzen ari da: norberak jasotzen duen tratu laidogarria beste ahulago batzuengan berritzea. «Niri egiten didatena egingo diet nik besteei».

Bi. Hau guztia ez da suerte kontua, baizik eta guztion onaren inolako etikarik gabe, bere logikaren arabera utzitako sistemaren emaitza. Administrazio publikoak esku hartu behar du eta guztion onaren zerbitzuan ipini politika ekonomikoa.

Norbaiti arraroa irudituko zaio ekonomiaren alorrean etika aipatzea. Garai batean, politikan etikak ez zuela lekurik esaten zen bezala -gero ikusi ziren pentsamolde haren emaitzak-, orain ohartzen gara oso premiazkoa dela ekonomia herritar guztien benetako beharrak asetzera bideratuko bada.

Guztiok harrapatuak gaude, nolabait ere, elkartasun gabeko gurpil kontsumista zoro batean, eta ondorio larriak dakartza jokaera horrek hala gure herrian nola nazioartean. Krisialdi mingarri honen benetako zergatiak hausnartu eta aurre egiteko beharrezkoak diren neurriak hartu ondoren, garrantzitsua da norberak zerbait galtzeko jarrera hartzea, besteen onerako bada, behartsuen artean behartsuenei mesede egiteko baldin bada, batez ere. Horixe izango da modurik eraginkorrena kontrolaezina izan daitekeen indarkeriaren amesgaiztotik aldentzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo