«8b graduko blokeak nahiko azkar egiten ditudala ohartu naiz»
Blokeak, Euskal Herrian, lurrikara indartsua jasan du azkenaldian. Arrasateko eskalan 8b gradura iritsi da. Eta hori eragin duena Ander Mendieta da. 21 urte besterik ez ditu, eta, inolako zalantzarik gabe, eliteko protagonisten artean bere lekutxoa egin du. 8b graduko lau bloke sinatu ditu; azken hirurak, gainera, bi asteren buruan. Etorkizun handiko espezialista da arrasatearra.
Andoni ARABAOLAZA I
Arrasateko Punch Factoryk «Ander Mendieta: gaztetasunaren mugarik gabeko leherketa» aurkeztu du. Hortaz, Arrasateko power-aren produkzio kateak beste ordezkari fin bat eskaini digu. Markel Mendietaren, egungo euskal blokeko espezialista indartsuenetarikoaren, anaia gazteena da Ander. Hots, Arrasateko elementuaren oinordekoa. Biek ala biek oso antzeko ezaugarriak dituzte alderdi guztietan, baina elementu gazteenak zaharrena lehia bihurrian sartu du. «Dagoeneko ez zaitut atzetik begiratuko; egun, aurrez aurre naukazu», esan dio ozen. Izan ere, Anderri honakoa aitortu behar zaio ezinbestean: azken urte honetan, batez ere azken aste hauetan, egin duenak lurrikara eragin du Euskal Herriko blokearen panoraman. 21 urte besterik ez ditu, eta 8b graduko lau korapilo askatu ditu. Hori ez da batere ohikoa, mugarri bat jarri du Anderrek eta, duen gaztetasuna ikusita, etorkizun oparoa duela baiezta dezakegu. GARAri eskainitako elkarrizketatik, bederen, hori ondoriozta daiteke.
Honako elkarrizketa hau zure anaia Markeli egin behar nion hasiera batean azkenaldian egiten ari denaz hitz egiteko. Aldiz, ustekabean-edo, zu tartean sartu zara. Zer gertatu da Anderrekin?
Bada, bi asteren buruan 8b zailtasuneko hiru bloke egin ditudala. Horri, gainera, iazko beste 8b bat gehitu behar zaio. Jakina, Markel anaiari protagonismoa kentzeko egin dut (kar, kar).
Hori guztia 21 urterekin erdiestea ez da batere ohikoa!
Beno, hori zuek esan behar duzue, ez nik. Iaz, «Otsoen txakurra» (8b, Mañaria) egin ostean, Teruelera joan eta 8a eta 8a+ gradukoak di-da batean egiten nituela ikusi nuen. Ondoren, 8b bat probatu eta atera egin zen. Mañariko blokeak motibazio gehigarria eman zidan, eta ikusi dut 8b gradukoak ondo egiten ditudala. Hau da, ez dut horietan denbora asko pasatzen; egun bat edo bi nahikoa ditut.
Oinak lurrean al dituzu? Sinesten duzu egindakoa?
Zaila egiten zait hori guztia era egoki batean azaltzea. Gorputza aldatu egin zaidala igarri dut. Lehen argalagoa nintzen, hatzetan indar asko nuen, baina besoetan ez. Egun uste dut sendoago nagoela. Markelen bide bera daramat; gora noa eta hobetzen ari naiz.
Aurkez iezazkiguzu, arren, poltsikoratu dituzun lau izarrak.
Markelek egin eta astebetera sinatu nuen nik iaz «Otsoen txakurra». Oso bloke ona da. Hasieran ezinezkoa iruditu zitzaidan, baina poliki-poliki aurrera atera nuen. Hots, posible zela ohartu nintzen. Egunero probatzen nuen, eta astebetean egin nuen; bost pausoko bloke esplosiboa da.
Hilabete honetan, berriz, hiru erori dira. «Tantaka hegalaria» Zumaian dago. Gorka Karapetok zabaldutako 8a+ blokeari pausu batzuk gehiago gehitu dizkiot. Lehen igoera da, eta uste dut 8b gradukoa izan daitekeela. Markelek ere oso zaila dela dio.
«Apirileko sorginak» ere Zumaian dago. Plaka bat da. Soilik bi mugimendukoa da, eta oso erregeleta txikietatik tira egin beharrekoa. Bi mugimendu besterik ez dira, baina oso-oso gogorrak. Eserita hasita oraindik egin gabe dago, eta uste dugu 8b+ inguruan dagoela.
Eta azkenik, «Daniren proiektua». Baltzolan dago, eta orain arte Danik (Andrada) berak, Markelek eta nik neuk soilik eskalatu dugu.
Irakurritakoaren arabera, estilo ezberdineko blokeak dira.
Bai, ni neu hainbat estilotan moldatzen naiz ondo. Eskuarki, oso luzeak ez badira, ondo mugitzen naiz. 10-15 mugimendutik aurrera, berriz, ez nabil fin.
8b gradura iritsi ahal izateko, zein izan da Anderren bidea?
13-14 urterekin hasi nintzen rokodromoan. Apur bat ibili eta gero, aita eta Markelekin joaten nintzen Larraonara. Lehendabiziko urtean 7a egin nuen, bigarrenean 7b, hirugarrenean 7b+... 7c-tik 8a-ra igarotzeko bi urte pasa ziren. Ondoren, 8a-tik gorako makina bat bloke poltsikoratu ditut. Finean, oso oinarri sendoa izan dut 8b-ra iristeko.
Hori guztia irakurrita, zalantzarik gabe zeure burua blokerotzat joko duzu, ezta?
Bai, bai, blokeroa. Kirol eskaladan ere banabil, baina, egian esan, ez intentsitate berean. Ez duzu hainbeste material behar, blokea nahi duzunean proba dezakezu, ez duzu arrokan denbora asko pasatzen...
Zure ezaugarriei begiradatxo bat ematen badiegu, argi eta garbi dago zure anaia Markelen berberak direla.
Bai, halaxe da, ezaugarriak lapurtu edo kopiatu dizkiodala esan daiteke... Txantxak alde batera utzita, bion ezaugarri nagusia indarra da.
Horrela bada, bloke motzak gustuko izango dituzu, ezta?
Inolako zalantzarik gabe, korapilo motzetan oso ondo moldatzen naiz, batez ere indar asko eskatzen duten lauzpabost mugimenduko blokeetan.
Mugimendu askoko blokeetan, edo hobeto esanda zeharkaldietan, ez naiz hain fin ibiltzen, horiek guztiek erresistentzia luzea edo jarraikortasuna exijitzen baitute. Eta, esan dudan bezala, nik neuk leherketa atsegin dut.
Mugimendu bateko blokeak ere oso dibertigarriak dira eta ondo moldatzen naiz. Salto egiteko horiek ere ez ditut baztertzen.
Larraonari buruz galdetzen badizut, ze erantzungo didazu?
Bada, Euskal Herrian blokea egiteko lekurik onena eta atseginena dela nire ustez. Hango blokeetan asko ikasi dut, eta ziur aski horregatik dut indar handia hatzetan. Oso leku ona da estutzeko eta gradua ere oso gogorra da.
Alabaina, beste leku batzuetan ibilitakoa ere bazara.
Bai horixe. Zumaian ere oso gustura aritzen naiz. Aldiz, pena bada ere, Jaizkibel ez dut oraindik ezagutzen.
Albarracin, Fontainebleau, Santa Gadea... dira bisitatu ditudan beste leku batzuk. Eta horiek guztiak ezagutu eta gero, argi eta garbi daukat Larraona dela guztien artean gogorrena. Kanpoan, adibidez, 7c bat segituan egiten dut; Larraonan, aldiz, egun oso bat eskatzen dit.
Bestalde, uda aldean Magic Wood-era (Suitza) joateko asmoa dut. Askok diotenez, hango gradua nahiko erosoa da. Hots, 8b eta 8b+ graduak burua asko jan gabe egin daitezke. Eta helburu horrekin joango naiz Suitzara.
Fontainebleau ere leku gogorra da xede gogorrak denbora gutxian ateratzeko. Eskerrak Larraona gertu dudan. Han proiektu gogorretan behin eta berriz saiatzeko aukera dut.
Hori guztia esan ondoren, ondorioztatzen dut aurrera begira ere goi mailako proiektuak dituzula buruan. Gaur egun duzun maila sendotu ordez, beste urrats edo koska bat gehiago emateko irrikatan al zaude?
Neure lehentasun nagusia gradua sendotzea da. Alabaina, nahiko gertu ikusten ditudan beste bi xede bukatu nahi ditut. Horietako bat «Berezi» (8b+) eserita hasita egitea da. Bestea Zumaiako plaka eserita egitea da; 8b+ izan daiteke.
Hauek egin eta gero, gogor entrenatuko dut udan Magic Wood-era egingo dudan bidaian oso sasoiko egoteko. Panelean sartu eta Joxean Mulasen aginduei jarraitu beharko diet. Hiru hilabeteko entrenamendu gogorra izango da.
Orain arte, ez dut panelean ezer entrenatu. Indartsu nago, eta, oso sentsazio onak ditudanez, soilik arrokan eskalatu dut; Baltzola, Larraona... izan dira nire entrenamenduetako ingurune naturalak.
Mulasekin entrenatzen duzula aurreratu duzu, baina Markel beti ondoan duzu. Anaia nagusiak aholkurik ematen al dizu?
Jakina. Iaz, adibidez, Markelek Esther Cruzekin entrenatu zuen. Eta niri ere berdina egitea proposatu zidan. Horrelaxe bada, bi entrenamendu ezberdin jarraitu ditut: bata Estherrena eta beste Joxeanena. Batean jarraikortasuna lantzen dut eta bestean, berriz, blokea.
Elkarrizketaren hasieran Markelek azkenaldian egindakoaz hitz egiteko asmoa nuela baina zu tartean sartu zarela aipatu dut. Dagoeneko Markel graduan harrapatu duzu, nahiz eta berak kopuruan zuk baino lorpen gehiago eduki. Lehia maltzurrik ba al duzue tartean?
(Kar-kar). Bai, betidanik egon da lehia apur bat. Adibidez, 7c+ zailtasuneko bloke bat egiten badut, hurbildu eta 7c dela esaten dit Markelek. Jakina, nik ere ikasi dut, eta gauza bera egiten diot. Beraz, ikusten denez, lehia egon badago; hori bai, lehia sanoa. Kirola egiten duten beste anaia batzuen artean ere gauza bera gertatzen dela uste dut.
Gogoan dut oraindik iazko Euskadiko Bloke Txapelketan gertatutakoa. Markel txapela janzteko faborito nagusietakoa zen. Oso indartsu iritsi zen txapelketara, dieta berezi bat jarraituta eta guzti. Aldiz, azken unean Markelek ez zuen finalera igarotzerik izan eta isilean zegoen Ander anaia gazteena, berriz, txanda nagusira pasa zen. Egoera bitxia izan zen, ezta?
Hala gertatu zen. Faboritoetako batzuk finaletik kanpo geratu ziren. Horrelakoa da lehia. Markeli dagokionez, buruko kontua izan zen. Zuk esan bezala oso indartsu iritsi zen txapelketara, baina, lehiakideoi ere batzuetan gertatzen zaigun bezala, buruak jokaldi gaiztoak egiten ditu.
Bederen, blokeroen artean giro ona duzue.
Bai, halaxe da. Ibiltzen garen koadrilan ondo baino hobeto pasatzen dugu elkarrekin.