Itzalaldi analogikoaren azken fasea apirilaren 3an amaituko da
Datorren apirilaren 3an gertatuko da behin betiko itzalaldi analogikoa Hego Euskal Herrian. Ordutik aurrera, LTD (Lurreko Telebista Digitala) bidez baino ezingo da ikusi telebista. Azken fase honetan sartzen diren 90 herri ingurutan informazio kanpaina abiaraziko dute.
GARA |
LTDaren garaia apirilean iritsiko da behin betiko Hego Euskal Herrian oraindik itzalaldi analogikoa jasan ez duten ia 90 herri ingurura. Izan ere, trantsizioko azken fasea abiatu du jada Estatu espainiarreko Industria, Turismo eta Komertzio Ministerioak. Azken fase hori informazio kanpaina batekin lagunduko du Ministerioak.
Artxanda eta Jaizkibelgo errepikagailuen bidez seinalea jasotzen duten udalerriak sartuko dira azken fase honetan. Bizkaian hogeitik gora izango dira, Bilbo bera ere bai, eta 775.000 biztanleri eragingo dio itzalaldiak. Gipuzkoan, berriz, 65 herritik gora izango dira, 550.000 biztanle inguru orotara. Gainera, Nafarroako iparraldean Jaizkibeletik seinalea jasotzen dutenek ere fase honetan izango dute itzalaldia.
Jende gutxi harrapatuko du, ordea, fase honek ustekabean. Madrilgo gobernutik emandako urtarrileko datuen arabera, Gipuzkoako etxeen %98,9k dagoeneko ezagutzen du ikus-entzunezko sistema berria eta %97k antena egokituta dauka. Gainera, guztira %94,6k seinale digitala jasotzen du jadanik, telebista LTD bidez ikusiz.
Bizkaian ere antzerakoa da egoera: %98k ezagutzen du sistema, %90ek egokitu du antena eta %87k jasotzen du seinale digitala.
Informazio kanpainari dagokionez, autobus batzuk herriz herri joango dira herritarren galderak erantzuteko. Telebista analogikoan ere, errotulu informatiboak emitituko dira, martxoaren 10etik aurrera itzalaldiaren azken fasea hasiko dela esanez. Telefono zenbaki bat ere ipiniko da martxan zalantzak argitzeko.