GARA > Idatzia > Kultura> Ikus-entzun

Iruñeko Eguzki Irratiak programazio berria izango du gaurtik aurrera

p051_f01_87x120.jpg

GARA |

Eguzki Irratiak, Iruñeko irrati libreak, programazio parrilla berria estreinatuko du gaur eta 2009-2010 ikasturteko irratsaio denboraldi amaierara bitartean mantenduko du. Programazio berri honetan, ekoizpen propioko bi irratsaio berri gehituko dituzte besteak beste. Horietako bat, gaur abiatuko dena, «Eguzkia eta itzala» izango da. Euskarazko magazin honek «euskaldun unibertsoa» izango du ardatz nagusitzat eta informazio zein elkarrizketa ugari eskaintzeko asmoa du. Astelehenero izango da entzungai, 18.00etatik aurrera.

Bigarren irratsaioa, berriz, larunbatetan emango da, 14.00etatik aurrera. «Kilikien matxinada» saioak «askotariko musika» eskainiko du, «ikuspegi gazte batekin». Entzuleekin ere harreman zuzena mantenduko du; izan ere, telefono zein posta elektroniko bidez egindako musika eskaerak erantzungo dituzte saioan.

Arrosa sareko beste bi irratsaio berrik ere asteburuko eskaintza sendotuko dute. Musika beltza eta elektronikoa oinarri dituen «Sound system» izango da bata eta «Matxura munduan eta ibili munduan» umorezko irratsaioa bestea.

Eguzki Irratiaren ikasturte honetako apusturik nagusienetakoa den «Pasealeku» gaurkotasun lokaleko magazinak ere atal berriak izango ditu. Irratsaioak orain arteko ordutegia mantenduko du; hau da, astelehenetik ostiralera 11.00etatik aurrera.

Programazioa zabalduz

Eguzki Irratia egunean zehar duen programazio zabaltzen ari da pixkanaka. Astelehenetik ostiralera etenik gabeko hamabost ordu eskaintzen ditu, 08.00etatik 23.00etara. Asteburuetan, berriz, bi tarte bereizten dituzte: 11.00etatik 18.00etara eta 20.00etatik 24.00etara. Guztira 33 dira eskaintzen dituzten irratsaioak -16 ekoizpen propiokoak eta gainerakoak Arrosa sarea osatzen duten Euskal Herriko beste hainbat irratitakoak- eta horietatik erdiak egiten dira euskaraz.

Teknologi eta komunikazio modu berriei ere heldu diete eta, horren erakusle, duela gutxi web orriaren diseinua eraberritu zuten. Egunez egun informazioarekin eta multimedia aukerekin hornitzen dute www.eguzki.net ataria; esaterako, programak entzuteko aukera eskainiz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo