GARA > Idatzia > Euskal Herria

KRONIKA | Inauteriak

Hotza etxean utzita, Zaldunita Egun paregabea igaro dute Tolosan

Zaldunita Egunez, festak eztanda egin zuen atzo Tolosan. Inauterietan mozorrotzeko lehen egunean hotza egiten ba- zuen ere, karroza eta txarangak arduratu ziren kaleko giroa berotzeaz. Era guztietako mozorroak ikus zitez- keen, gehien-gehienak irudimen handiz egindakoak. Gaur eta bihar ere izango da zer gozatua Tolosan.

p014_f0222706.jpg

Janire ARRONDO I

Bizi egiten dituzte tolosarrek inauteriak eta badakite bertara hurbiltzen direnei gozarazten ere. Ostegunetik inauteri jaietan murgilduta badabiltza ere, atzokoa izan zuten mozorroak soinean jartzeko lehen eguna. Nabari zen azken asteotan horrenbeste lan eman dizkieten mozorroak kalera ateratzeko gogoz zeudela eta, batek baino gehiagok, dotore erakutsi zituen.

Dagoeneko dena asmatuta dagoela dioenak, egun hauetan Tolosara jotzea besterik ez du. Izan ere, Gipuzkoako herri honetan irudimena soberan dutela egiaztatu ahal izango du.

Gero eta jendetsuagoa

Batzuk gaua ondo bukatzeko eta beste batzuk eguna ondo hasteko, jende andana bildu zen atzo goizeko zortzietan Tolosan urtero egiten den dianara. Aspalditik datorren ohitura da honakoa, baina azken urteotan inoiz ikusi ez bezalako jendetza biltzen da bertara. Herriko txistulari bandaren laguntzarekin, ohiko ibilbidea egin zuten herritarrek zortzikoaren doinuaren erritmora.

Zertxobait beranduxeago, 10.00ak inguruan, hasi ziren lehen txarangak herriko kaleak alaitzen. Plaza Berrian izan zen eguneko lehen hitzordua. Izan ere, bigantxak izan ziren bertan Tolosara hurbildu zirenen gozamenerako. Mozorroa soinean hartuta animalia adardunen aurrean korrika larrialdi bat baino gehiago pasa behar izan zuenik ere izan zen.

Eguerdirako, berriz, mozorro koloretsuz gainezka zeuden Tolosako kaleak. Guztira 200 karroza inguru atera ziren atzo- koan, baina banaka zein taldeka mozorrotuta kaleratu ziren beste herritar asko ere bazeuden. Edonola ere, irudimena borborka suma zitekeen kaleetan.

Termometroak Tolosan hotz egiten zuela bazioen ere, San Frantziskon eta inguruko kaleetan mozorroturik zebiltzanek ez zuten horrelakorik sentitu. Guztira 200 karroza inguru irten ziren atzo, zein baino zen original eta ikusgarriagoak. Han zebiltzan, esaterako, Tolosako presako marineak.

Hori bai, igandea izanda, jai hartu zuten eta euren barku handi eta guzti uretatik urrun dantzatzeko grina soberan zutela erakutsi zuten. Euskal Herriko igeriketa sinkronizatuko selekzioko neskak ere inguruan zebiltzan. Baita Escuela Don Gaspar zaharreko ikasleak ere; frankismo garaiko eskola irudikatuta, lezioak hartzen baino soka saltoan edo kaniketan jolasten eman zuten goiza. Giroari lasaitasun pixka bat jartzen, aldiz, japoniar talde bat ibili zen, erlaxazio dantzak egiten aritu baitziren.

Arreta bereganatzen zuen Euskalt-ton karrozak ere. Abarka eta baserritar jantziak soinean, «euskal reggaetona» dantzatzen eman zuten eguna. Euskal baserritar jantziekin egindako mozorro bat baino gehiago zegoen atzokoan Tolosan. Karroza batean, esaterako, taloak egiten aritu ziren; hori bai, jatekoa banatzen baino gehiago aritu ziren arto-irina jendeari botatzen.

Tolosaldeko hainbat herritatik hurbildutako neskazaharrak ere bazebiltzan karroza batean. Inauterietara «mutiletan egitera» hurbildu zirela eta, inguruan bildu zitzaien gizonei ondo heldu eta erromeria giro ederra sortu zuten «Behin ba-tean Loiolan» abestiaren doinupean. Triangulo plazaren ertz batean, bestalde, hondartzara egun-pasa joandako mutil koadrila zegoen.

Karrozez gain, herriko txokoren batean jarritako mozorroak ere ugari ziren. Triangulo plazan bertan, esaterako, Tolosako Metro t´erdi geltokia ireki zuten batzuk. Irekiera ekitaldia egin zuten bertan, eta horretarako han bildu zituzten herriko txistulariak, herriko alkatea eta baita langileak ere. Metro geltokia martxan jarri bezain pronto, eskaleren bat edo beste ere hurbildu zen diru eskean txirula eta guzti.

Beste txoko batean, berriz, bertatik bertara jarrai zitezkeen giza organoen transplante operazioak. Ausardia behar zen hango ohean etzateko boluntario gisa aurkezteko.

Plaza berean zegoen armairu ezaguna ere. «Azken bultzadatxoa» behar zutenek Tolosan izan zuten aukera euren benetako izaera jendaurrean erakusteko. Mozorrotuta zeudenak hala tematuta, batek baino gehiagok igo behar izan zuen oholtza gainera armairutik irteteko. Ondoren, hori bai, «Gaur armairutik irten naiz» lelodun pegatinak jartzen zizkieten herri osoak hartutako erabakiaren berri izan zezan.

Aho bete hortz

Tolosako inauterietan ohikoak dira, bestalde, San Frantzisko kaleko Cafe Frontón eraikinean eta elizako horman izaten diren bi tolosarren mozorroak. Arreta berezia piztu zuen aurten teilatu gainean zegoen King Kong handiak. Garezur Irlatik ihes egin eta Tolosan agertu zen gorila handiak, gainera, esku artean zuen Ann Darrow neska ilehoria ere. Bertatik igarotzen zen edonor adi-adi geratzen zen gora begira. Eta ez zen gutxiagorako.

San Frantzisko elizaren horman, berriz, hainbat etxetan ezaguna den fraidearen higrometroa ikus zitekeen. Airearen hezetasuna neurtzen duen gailuaren aldaera tradizional horretan, fraide batek eguraldiaren joerak erakusten ditu. Arantzazuko fraide Pello Zabalaren irudia daraman higrometroa ezaguna da oso.

Horrez gain, muntaia handirik gabeko beste dozenaka mozorro ere baziren atzokoan Tolosako kaleetan. Izan ere, mozorrotzea ezinbestekoa zen atzo Tolosara hurbiltzeko.

Inauteriak herriz herri

Tolosan ez ezik, beste hainbat herritan ere ospatu dira asteburu honetan inauteriak, Markina-Xemeinen esaterako. Atzokoa izan zuten Bizkaiko herrian ere inauterietako egun handia; hau da, mozorrotu eta koadrilan jai giroaz gozatzeko eguna. Zaragi dantzarekin eman zioten hasiera egunari eguerdi partean; hala, Goiko Portaletik hasita, Zerutxuko dantzariak eta hartzak ibilaldia egin zuten.

Bizkaiko herri honetan ere hotza lagun izan bazuten ere, asmatu zuten barrenak ondo berotzen. Hala, giroa gori-gori zela nabari zen bazkalaurreko mozorro desfilean. Markinako bandak girotuta edonolako jantzi apainak ikusi ahal izan ziren kalean gora eta behera.

Mozorro egun honetako ekitaldi nagusia, berriz, arratsaldeko antzarren jokoa izan zen. Parte hartzaile ugari izan zuen atzoko edizioak. Hala ere, Lekeition ez bezala, hemen ez dira itsasora botatzen. Elkarren bizkarrean zaldiko gisa igota egiten dute antzarrak harrapatzeko jokoa.

Gaur eta bihar, gehiago.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo