Afganistango ofentsiba ez da normalizazioa
NATOren indarrek Afganistan inbaditu zutenetik, 2001eko urriaren 7tik, alegia, ofentsibarik handienari ekin diote azken egunotan, soldadu afganiarrekin batera. Duela zortzi urte pasatxo Kabulgo Gobernua kanporatu zutenean bezala, arrakasta handiko ofentsiba dela esan zuten NATOko buruzagiek eta, gainera, talibanen buruzagi militar nagusia atxilotu dutela jakinarazi zuten atzo. Talibanek gezurtatu egin zuten atxiloketa hori. Nolanahi ere den, buruzagi bat atxilotzea edo Marja hegoaldeko hiri garrantzitsua kontrolpean hartzea -garrantzitsua izanda ere- ez da gerra irabaztea, are gutxiago herrialdea normalizatzea. Barack Obamak iragarri zuen estrategiaren muina afganiarren konfiantza eskuratzea da, hartarako afganiar indar militarrei protagonismoa utziz, baina zaila da hori entzunda begirada Irakera ez bihurtzea; zaila honezkero eta baldintza horietan «gatazka afganiarren artean» konponduko dutela sinestea. Are zailagoa inbaditzaileen «hutsegite» ugariak direla eta. Igandean hamabi zibil hil zituzten Helmand probintzian, eta ondoren beste zortzi, bost Kandaharren eta hiru Helmanden. «Istripu» horiek aitortu ondoren, NATOko indarrek errepikatu egingo dituzte, nekazariak eta ekintzaileak nahastuta edo bonbardaketen jomuga okertuta. Terrorismoaren aurkako borroka, esaten diote.