Inazio Agirre Ezker abertzakeko kidea
Berdintasuna?
PPk eta PSOEk mendetasuna indartzea erabaki dute, «berdintasunaren» izenean. Administrazioan euskara gehiegi baloratzen omen da, baina funtzionario gehienek ez dakite euskaraz, eta Administrazioaren ohiko hizkuntza erdara da. Euskarazko eskola orokortzea debekatu dute, baina Euskal Herrian hiru ikasletik bik ez dute dagokien euskal nortasun osoa lortzen, derrigorrezko ikasketak bukatzean; erdarazkoa bai. Euskaldunen eskubideak urratzen dituzte, horrela, eta Euskararen Herria berrosatzeko eskubidea ukatzen.
Madrilen, administrazio guztiek gaztelania hutsean jarduten dute eta funtzionario guztiek gaztelania dakite. Hori ez da gehiegikeria, baina Euskal Herrian hori bera planteatzea bai. Parisen eskola guztiak frantsesez ematen dira eta frantses curriculum osoa erakusten dute. Hori ez da bereizkeria, baina Euskal Herrian gauza bera euskaraz egitea bai. Horrenbestez, euskaldunok ez gara herritar berdinak eskubidetan, bigarren mailako mendekoak baizik.
Gurasoen eskubidea aipatzen dute. Baina guraso ororen eskubidea beren seme-alabei hizkuntza transmititzeko, lurraldeko komunitatearen eta bertako hizkuntzaren eskubidearen baitan gauzatu behar da. Funtsezko hiru eskubide horiek zentrokide ez badira, hizkuntz desoreka gertatzen da. Eta horixe da, hain zuzen ere, hizkuntz mendetasunaren beraren formulazioa (Txepetx).
Elebitasun soziala euskararen asimilazioa da. Euskararen erabilera soziala Espainian eta Frantzian orokortzea, ezin onartuzko kultur inbasioa litzateke; eta bi erdaren sartzapena Euskal Herrian, zer da? Elebitasun indibiduala ez da berdintasuna. Euskaldunok erdal elebidunak izan behar dugu, nahitaez, Euskal Herrian; baina espainolek eta frantsesek ez dute euskal elebidunak izan behar, Espainian eta Frantzian.
Etengabeko eraso hauek bukatzea eta euskararen normalizazio osoa nahi dugunok alternatiba bakarra dugu: indar abertzaleak biltzea, euskaldun izan nahi duen herri bat dagoela erakustea, eta ofentsiba politikora jotzea estatuen aurrean, indarkeriarik eta injerentziarik gabe, prozesu demokratiko bat bururaino eramateko, euskara ardatz izanik: etsaia ez da euskaraz ez dakiena, asimilazioa baizik.
Denon partaidetzaz eta elkarlanean, euskal eleaniztunezko Euskal Herri euskalduna eraikitzeko, ezinbestekoak dira: herri gogoa indartzea, aldaketa soziolinguistikoen motorra izan dadin; prozesu demokratikoa gidatzen duen taldearen euskaltasuna eta konpromiso euskaltzalea bermatzea; euskara berreskuratzeko politika nazionala eta burujabea indarrean jartzea, eta euskal estatuaren bitartekoez politika hori garatzea. Europako estatuetako hiritarrekiko berdintasuna izateko, besteak beste, euskaldunoi euskal estatu burujabea izatea falta zaigu, Euskal Herri euskalduna bermatzeko.