GARA > Idatzia > Euskal Herria

KRONIKA Epaiketa Baionan

«Bleu, blanc, rouge» bandera ez da askatasun ikurra denentzat

Zer hobe auzitegiko ataria baino epaiketa paraleloa egiteko? Azaroaren 11n Uztaritzen bandera frantsesa lapurtzea leporatuta, Segiko hiru kideren aurkakoa hasi baino lehen, Baionako auzitegiaren aurrean Estatu frantsesa epaitu eta kondenatu zuten atzo arratsaldean.

p015_f02_148x96.jpg

Arantxa MANTEROLA

Jende mordoa, tartean gazte andana, bildu zen auzitegian gazte erakundeak finkatutako ordurako. Handik ez oso urrun, espaloian, beste talde jendetsua pilatu zen, baina haiek ez ziren, ez, gazteak. Uztaritzeko gudari-ohien elkarteak egindako deiari erantzunez joanak ziren.

Guztien artean, argazki surrealista samarra osatu zen, epaitegiko atea ireki bezain laster. Sarrera aitzinean, erasoetarako prestaturiko CRS polizien hesia; alboan, ilaran jarrita sartzeko zain, gudari-ohiak eta eskaileretan, pankartaren atzean bilduak, epaituak izango ziren hiru gazteei elkartasuna adieraztera hurbildutakoak. Denen aurrean, berriz, Zanpantzar irudikatzen zuen panpina.

Aintza Zufiaurre, Antton Rouget eta Andoni Anetas akusatuak, akusatzailearen papera hartuta, «Euskal Herriarekiko Estatu frantsesaren mespretxuaren adierazgarriak» sutara bota zituzten.

«Petainen garaian bezala fitxaketa masiboak egiteko» DNA laginak hartzeko erabiltzen diren kotoi-ziriak; azken urteotan gazteek jasandako «hamarnaka atxiloketa» salatzeko esku-burdinak eta konbokazio-gutunak; «Justizia edo, hobeto esanda, injustizia irudikatzen duen balantza desorekatua» edota «gatazka politikoaren iturria den Konstituzio frantsesa», guztiak panpinarekin batera kixkaldu ziren.

«Euskal gazteria aitzina!», «Ez gaituzue geldituko!» oihuen tartean garrak handitzen joan ziren, dena errauts bilakatu arte. Une berean, sartzeko zain zeudenak «hotzak» zeudela kexatzen ziren, poliziaren batek «zuek ere egin ezazue zuen sua» gomendatzen zien bitartean.

Orain, epaiketa ofiziala

Ohiko kontrolak gainditu ostean, aretora sartu orduko, epaiketa, oraingoa «ofiziala», hasi zen. Akusazioa, «taldean lapurreta» egitea eta bandera frantsesak lapurtzea. «Ez edozein bandera, ordea», gudari-ohien elkarteko buruak esan zuenez. 1945eko maiatzaren 5ean, Metz hiria askatu zutelarik, bertako karriketan erabilitakoa baizik. «Esanahi handikoa guretzat eta bizia galdu zutenentzat» gehitu zuen, akusazio partikular bezala hiru gazteak euro sinbolikoa eta epaiketa gastuak ordaintzera kondenatzeko eskatuta.

Gazteek, berriz, «Estatu frantsesak Euskal Herriarekiko duen ukazio jarrera salatzeko ekintza politikoa eta ez gudari-ohien aurkakoa» izan zela argudiatu zuten.

Fiskalak bere aldetik, norberak bere ideia politikoak izan ditzakeela onartu, baina galdetu zien zergatik «hautatu zuten egun esanguratsu hori -Lehen Mundu Gerrako armistizioa ospatzen dena- », bakoitzarentzat bi hilabeteko espetxe-zigorra (betetzeko obligaziorik gabe) eta 500 euroko isuna eskatuz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo