ELAk salatu du 51.562 langabek ez dutela batere dirurik jasotzen
Egoera ekonomikoari eta lan esparruari buruzko txostena aurkeztu zuen atzo ELAk, eta agertzen duenez, besteren artean, iaz langabe kopurua %36,6 igo zen Hego Euskal Herrian eta urte eta erdian langabezia bikoiztu egin da. Gainera, langabeen erdiak baino gehiagok ez du kotizaziopeko prestaziorik jasotzen eta %31k ez du inolako prestaziorik hartzen.
Iker BIZKARGUENAGA |
Hego Euskal Herrian INEMen izena eman duten lagunen %55ek -92.425 pertsona- ez dute ordaindutakoaren araberako prestaziorik jasotzen, eta %31k -51.562 lagun- ez dute inolako prestaziorik jasotzen, ELAk atzo azaldu zuenez. Sindikatu honek nabarmendu zuen «bistan» dagoela «gizarte babeserako sistemak langabeei ematen dien geriza eskasa».
Adolfo Muñoz, Txiki, ELAko idazkari nagusiak, eta sindikatu bereko Mikel Noval eta Julene Gabiolak ekonomiaren eta enpleguaren gainean egindako txostena aurkeztu zuten, eta ondorioztatu zuten ekonomiak «suspertu gabe» jarraitzen duela. Izan ere, barne produktu gordinaren (BPG) urtetik urterako bilakaerari buruzko datuek erakusten dute 2009an Nafarroako ekonomiak %2,5 egin zuela behera eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoakoa %3,3. Datuak are okerragoak dira Europa mailan, ELAko kideek azaldu zutenez.
Lan arloari dagokionez, sindikatu honek aipatu zuen iaz 58.700 lanpostu suntsitu zirela, gehienak industrian (22.100), eta atzetik, eraikuntzan (19.200), zerbitzuetan (15.100), eta lehen sektorean (2.300). Balio erlatiboetan neurtuta, eraikuntzak izan du jaitsierarik handiena, sektoreko lanpostuen %17,2 suntsitu baita. Lehen sektorean lanpostu-galera %8,4koa izan da, eta industrian, %7,2koa.
Esparru berari helduta, ELAren txostenak zehazten du 2009 amaieran 155.300 langabe zegoela Hego Euskal Herrian -iragan urtarrilean beste 10.000 pertsona baino gehiago geratu ziren lanik gabe-, eta, beraz, langabeziak 41.600 laguneko igoera izan zuela iaz.
Hala, langabe kopurua %36,6 emendatu zen 2009an, Europar Batasuneko (EB) %25,2a oso behean utzita. Datuak larriagoak dira 2008ko bigarren hiruhilekotik aurrera hartuz gero, izan ere, ordutik 78.900 lagun gehiago dira lanik gabe -2009eko abendura arte-, hau da, urte eta erdian langabe kopurua bikoiztu egin da.
Epe horretan, Europar Batasunean %41 hazi zen langabezia. Gainera, sinatutako lan-kontratuen %92,3 aldi baterakoak izan ziren, kontratu hauen pisua areagotu zelarik.
Testuinguru honetan, Muñozek nabarmendu zuen sindikatuen egitekoa mobilizatzea dela, patronalak eta gobernuek abian jarri nahi dituzten asmoei aurre egiteko, eta gaineratu zuen krisiari heltzeko modu bakarra «aberastasuna era justuago batean banatu dadin» lortzea dela.
Europar Batasunean, Irlandak, Eslovakiak, Estatu espainolak eta Letoniak bakarrik dute Hego Euskal Herriak baino langabezia tasa handiagoa.