GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

PALA Euskadiko Binakako Txapelketa

Fusto eta Garma, iazko txapela defendatzeko prest

Lau bikotek parte hartuko dute, lehiaketa bihar hasiko da eta finala martxoaren 6an jokatuko dute.

Asier AIESTARAN

Goi-mailako lau bikotek parte hartuko dute bihar hasiko den Lehen Mailako Binakako Euskadiko Pala Txapelketan. Fusto-Garma, Urkijo-Lujan, Ziskar II.a-Imanol eta Gaubeka-Galan dira txapelaren lehian arituko diren bikoak, eta final handia martxoaren 6an jokatuko da Bilboko Deportivo pilotalekuan. Fusto eta Garma dira egungo txapeldunak, iazko finalean Gaubeka eta Ibaragarai menderatuta.

Lau bikoteek elkarren aurka jokatu beharko dute aurreneko ligaxkan. Lehen sailkatua zuzenean sartuko da finalean, eta bigarrenak eta hirugarrenak finalerdietako partida jokatu beharko dute. Laugarren eta azken bikotea kanporatua izango da, noski.

Aurreneko jardunaldiko bi partidak zehaztuta daude jada. Bihar, Ziskar II.a-Imanol eta Urkijo-Lujan neurtuko dira, eta larunbatean Fusto-Garma eta Gaubeka-Galan arituko dira nor baino nor. Ligaxkako partidek datorren astean izango dute jarraipena, eta finalerdietako neurketa martxoaren 2an edo 4an jokatuko dute. Finala ETBk eskainiko du zuzenean.

Binakako Txapelketa Euskadiko Pilota Federazioak antolatuko du, Asfedebi erakundeko pilotariekin, eta aurkezpena atzo egin zuten Bilboko egoitzan. Bertan izan ziren, parte hartuko duten zenbait pilotarirekin batera, Saulo Nebreda eta Luis Nuñez, Federazioko eta Asfedebiko presidenteordeak, hurrenez hurren. Ohikoa den moduan, lehiaketako partida guztiak Deportivon jokatuko dituzte 45 tantora eta intendentziak erabakiko du bikote bakoitzak zer koadrotik aterako duen sakea.

Zilarrezkoaren zain

Lehen Mailakoarekin batera, antolatzaileek Bigarren Mailako Txapelketaren berri ere eman zuten. Zilarrezko lehiaketan ere joko-sistema berdina erabiliko dute eta beste lau bikotek hartuko dute parte: Altadill-Oiarzabal, Zulaika-Larrinaga, Iriondo-Lejarzegi eta Garcia-Ibargarai. Kasu honetan, ordea, oraindik zehaztu gabe dago noiz hasiko den txapelketa eta finala zein egunetan jokatuko den. Parte hartuko duten hainbat pilotari min hartuta daude une honetan eta horiek erabat osatu arte itxarongo dute lehiaketa martxan ipintzeko.

Beotibar-Tolosa

Cabrerizo II 18 / Ongay 7; Irujo-Merino 22 / Titin III-Eulate 20; Mendizabal-Eskudero 18 / Olazabal-Arruti 22.

Deportivo-Bilbo

Urkijo-Oiarzabal 45 / Iriondo-Garma 42; Fusto-Larrinaga 45 / Urkia-Luján 22.

Beloki-Zumarraga

Lau eta erdian: Sukia 22 / Ezkurdia 13; Nagusiak binaka: Renobales-Lopez 22 / Rico-Gorrotxategi 16.

Galarreta-Hernani (16.00)

Etxabe II-Zubiri / Endika-Barrenetxea IV; Ezkurra-San Miguel / Zeberio II-Urrutia; Urriza-Aizpurua II / Juaristi-Ion; Matxin III-Zubizarreta / Urtasun-Urko.

Deportivo-Bilbo (17.00)

Garcia-Ayerbe / Altadill-Oiarzabal; Ziskar II-Imanol / Urkijo-Lujan; Gaubeka-Larrinaga / Urkia-Galan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo