GARA > Idatzia > Euskal Herria

Itxurakeriatan aritzea egotzi dio ezker abertzaleak Markel Olanori

GARA

Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olanok bandera espainolaren inposizioaren aurka gaurko an- tolatu duen elkarretaratzea «itxurakeria hutsa» da ezker abertzalearen esanetan.

Prentsa ohar batean azaldu dutenez, ezker abertzaleko ordezkariek ez dute parte hartuko EAJ eta Hamaikabat alderdiek deitutako ekitaldian. EAk ere ostegunean jakinarazi zuen ez dela elkarretaratzera joango.

Ezker abertzalearen iritziz, bandera espainolaren inposizioari «herri gisa» erantzun beharra dago eta Gipuzkoako Aldundiak antolatu duen ekitaldiak ez du ezer «positiborik» ekartzen.

Gaineratu dutenez, «benetako protagonistak» herritarrak izan behar dira. Are gehiago, Gipuzkoako Aldunditik «intsumisio jarrerari eusten ez diotenean».

«Bandera espainolaren inposizioak erantzun tinkoa eskatzen du. Adierazpen instituzional baten bitartez inposizioa salatzea eta jarraian bandera arrotza jartzea, itxurakeriatan aritze hutsa besterik ez da», kritikatu du ezker abertzaleak.

Ildo horretan, bandera espainola ez jartzeko eskatu zien instituzioei eta inposizioei aurre egiteko «aldaketa politikoa» beharrezkoa dela nabarmendu dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo