GARA > Idatzia > Ekonomia

Adegik metal sektorean lortutako eskubideak ezabatu nahi dituela salatu du ELAk

60.000 langileko sektorean soldatak izoztu eta lanaldia handitu nahi du Adegik. ELAk, beste sindikatuek bezala, eskaera horiek bertan behera uzteko exijitu dio. Bestela, mobilizazioak antolatzearen alde agertu da.

Amaia ZURUTUZA | DONOSTIA

Joan den abenduan Adegik herrialdeko metalaren sektoreko hitzarmena berritzeko negoziazio kolektiborako mahaira deitu zituen sindikatuak. ELA sindikatuak prentsaurrekoa eskaini zuen atzo, Adegik mahai gaineratu dituen eskaerak onartezinak direla adierazi, eta horiek bertan behera utzi ezean, mobilizazioak antolatzearen alde dagoela azaltzeko. Hala, patronala mahaia blokeatzen ari dela salatu zuen, negoziazioa bere eskaeren inguruan egitea nahi duelako.

Unai Martinez ELAko metal arloko idazkari nagusiak Adegik Gipuzkoako metalgintzako langileek urte luzeko borrokari esker lortu dituzten eskubideak deuseztatzeko ofentsibari ekin diola baieztatu zuen. Izan ere, soldatak izoztu eta lanaldia handitzeko asmoa izateaz gain, hitzarmeneko 20 puntu ezabatu nahi ditu patronalak. Hala, besteak beste, «krisia gainditzeko Gipuzkoako langileen soldatak jaistea eta lan orduak gehitzea da Adegiren proposamena», salatu zuen.

Aitzitik, azaldu zuenez, metal arloan egoera larria bizi duten enpresen arazoen iturburua ez dira langileen soldata eta lan baldintzak; Europar Batasunean, egun, egoera latzena duten lurraldeak soldata baxuak eta lan baldintza kaskarrak dituztenak direla argitu zuen.

Era berean, milaka lagun langabezian utzi dituen patronalak lanaldia 112 ordutan handitzeko eskaera egitea «iraingarria» dela esan zuen, baita Gipuzkoako 40.914 langabeen egoera betikotzea ere. Zentzu horretan, egun, «lanaldia murriztea inoiz baino beharrezkoagoa» dela aldarrikatu zuen, «lana hobeto banatu behar dugulako».

Funtsean, metalaren sektorean «denbora askoan jende askoren esfortzuari esker» lortutako eskubideak desagerraraztea ez dutela onartuko ohartarazi zuen Martinezek, «gure planteamendua aurrera egitea delako».

Horregatik guztiagatik, Adegik bere eskaerak bertan behera uzten ez baditu, ELAk mobilizazioen aldeko hautua egiten duela adierazi zuen. Alde horretatik, ELAk sindikatuen batasuna babesten duela esan zuen, baina horretarako gainerako sindikatuei gehiengorik izan ezean, patronalarekin ezer ez sinatzeko konpromisoa adierazteko eskatu zien.

Adegiren asmoak Gipuzkoako enpresentzat «arazo» direla ohartarazi zuen eta klase interesak defendatzea ezinbestekotzat jo zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo