Xabier Izaga Irakaslea
Txistu egiten duen herria, errepublikazalea
Arre edo iso, aizu, zoratu ez. Joan den igandean erregea iraindu eta umiliatu egin omen zuten eta hurrengo egunean ez omen zen horrenbesterainokoa izan, biharamunean garrantzirik gabeko kontua; asteazkenerako, berriz, iraungitzear dauden abertzaleen espezieak antolatutako huskeria, eta ostegunean ETAk ondo planifikatutako egintza. Atzo prentsa irakurtzeari utzi nion.
Hasieran hondamendia zena, gero onartezina izaten jarraitu bazuen ere, lau eroren kontua baino ez zen izan. Hortaz, lau erok, BECeko lau puntu estrategikotan kokatuta, ikusi nahi ez duen itsuak eta entzun nahi ez duen gorrak bakarrik ikusi eta entzun ez zutena eragin zuten.
Herri honetan nabarmena da gehienok ez dugula Espainiako erregea maite. Barakaldoko txistuak horren erakusgarri argia izan ziren; izan ere, txistulariak saskibaloi partidu batean zeuden, eta ez Batasunaren ekitaldi batean. Seguruenik Borboiak berak ulertzen du, maite ez duten lekuetan, maite ez dutenek ez gurtzea, eta txalorik ez jotzea. Lau katu edo hamar mila ero txistuka hastea ere ulertzen du, nonbait, errege espainiarrak. Baina Bilboko alkate jeltzaleak ez, eta ez zaio ondo iruditzen indarrez ezarritako erregeari herritar ustez askeek txistu egitea. Eta ezin isilik geratu. Ez zaio ondo iruditzen bere gustuko ez denari «gehiegizko» garrantzia ematea. Hartara, Azkunak esandakoak esanda, zer ez dute esango begien bistakoa ukatzeko prest daudenek?
Zenbait aste eman ditugu tortura salaketak entzuten, tartean bilbotarren batzuenak, eta alkate jaunari hori ez zaio adierazpenik egiteko motiborik iruditu. Erregearen aurkako txistuak, ordea, bai, «bakan batzuenak» izanda ere. Eta kazetariei eskatu zien «gauzen ontasuna, eta ez gaiztakeria» ikus dezatela. Ez, Azkuna jauna, kazetariek gauzak gertatzen diren moduan kontatu behar dituzte eta. Edo hori fakultatean ikasi eta handik irtendakoan ahaztu behar diren txorakeria horietako bat baino ez da? Nolanahi ere, niri, hedabideen bidez BECeko txistualdiaren berri jakin nuenean, gauza ona begitandu zitzaidan.