GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Floren Aoiz www.elomendia.com

Ez dira koldarrendako garaiak

Denon artean eginen dugu, bestela ez da gertatuko. Horren sinplea da. Gu gara geure buruaren salbatzaile bakarrak. Guk ekartzen ez badugu, ez dugu agertoki berririk ikusiko

Ezker abertzaleak burutu du bere eztabaida. Ondorioak ezagunak dira, eta hagitz ongi ulertu dute eragile guziek zertan dabilen gure herriko ezker independentista. Batzuek berria txalotu dute, beste batzuek ez dela aski errepikatu dute. Inor ez da hotz gelditu, alta. Denek dakite eta denok dakigu aro berrian sartu garela jadanik eta urratsak itzulezinak direla.

Aitzakien garaiak atzean gelditzen ari dira, honenbestez. Nork bere ardurari eutsi beharko dio, zama besteen sorbaldetan utzi gabe. Izan ere, eragile bakoitzak jende aurrean erakutsiko du non dagoen, eta jendarteak ikusiko du non gelditzen diren orain arte entzundako hitzak.

Ezker abertzaleak hartutako erabakiek aldaketak ekarri dituzte, baina, halaber, batzuen urduritasuna eragin dute. Espainiar eta frantziar nazionalistek ulertu dute aldaketa horien aurrean ezin izanen direla geldirik egon. Orain arte, berriz, betikoa da beren hodeiertza, eta errepresioa areagotu dute. Nekez eginen dute luzaz itsuarena, baina behartuta sentitzen ez diren bitartean ez genuke haiengandik onespenik espero behar.

Gure herriko beste eragile batzuek ez dakite zer egin, edo ez dute argitu nahi zein den beren helburua. Ezker abertzalearen erabakiak lekuz kanpo utzi dituela dirudi. Zergatik? Aspaldidanik eskatzen zioten ezker abertzaleari urratsak ematea, baina, nonbait, ez zen hau nahi zutena. Bestelako urratsak espero eta nahi zituzten, Euskadiko Ezkerrak edo Aralarrek berak emandakoak, agian. Dagoeneko antzeman dute ez dela halakorik gertatuko eta ezeroso daude, jakin bai baitakite haiei begira dagoela jendartea, haiek ere eman beharreko urratsak emanen ote dituzten jakiteko grinaz.

Edonora iristeko ibiltzen hasi beharra dago. Hitzek bidea errazten dute, jakina, baina oinak mugitzen ez diren bitartean, haizearen jostailu bilakatzen dira. XXI. mendeko euskaldunok ez dugu urratsen inguruko etengabeko eztabaidarik behar, urrats zehatzak eman behar dira, aitzakiak baztertuz, bidea eginaz. Indarrak biltzeko garaiak dira hauek. Indartsu izateko. Gure herriaren eskubideen alde indarrez aritzeko. Estatuen indarkeria itzaltzeko.

Batzuk noiz eta orain agertu zaizkigu inoiz baino beldurtiago. Zeren beldur, alta? Estatuen erantzunaren beldur? Aldaketaren beldur? Hainbat abantaila galtzearen beldur?

Beldur guziak baztertzeko tenorea iritsi delakoan nago. Ez baitugu geroaren beldur izan behar. Geure eskuetan baitago etorkizuna idaztea, zaila izanen den arren. Latza bilakatuko bada ere.

Ur tantaz osatzen dira olatuak. Harea-aleek eraikitzen dituzte hondartzak. Harri bat gutxi da, asko erabiliz izugarrizko harresiak egin daitezke. Halaber, harri bat kenduta ez, baina aunitz botata erortzen dira hormak.

Denon artean eginen dugu, bestela ez da gertatuko. Horren sinplea da. Gu gara geure buruaren salbatzaile bakarrak. Guk ekartzen ez badugu, ez dugu agertoki berririk ikusiko. Hodeiak sakabanatzen ez baditugu, ez dugu eguzkiaren berotasuna sentituko. Ez begiratu ondokoari, ez arerioari, ezta etsaiari ere. Zu zara, ni naiz, gu gara. Guk egin beharko dugu. Egiten ahal dugulako. Egin nahi dugulako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo