GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Subiranotasuna eta independentzia eskuz esku

Estaturik gabeko nazio guztietan bezala, Eskozian subiranotasunari eta independentziari buruzko eztabaidak eskuz esku doaz. Nazio hauek menperatzen dituzten estatuak eta horien agintariak bi terminoak nahastuz gizarteari iruzur egiten ahalegintzen dira. Nazio horietako herritar gehienentzat -menpekotasun egoeraren ondorioz pribilegioak ez dituzten herritarrentzat bederen- argi dago bata, subiranotasuna eta honi lotutako autodeterminazioa, eskubide demokratiko bat dela eta bestea, independentzia, zilegi den proiektu politiko bat dela. Lotura estua duten terminoak direla, alegia, baina baita kontzeptu desberdinak ere. Demokrata orok babestu beharko luke nazioen subiranotasuna; areago joanda, baita edozein entitate politikoko herritarrek beren etorkizuna erabakitzeko duten eskubidea ere. Bestetik, nazioen kasuan behintzat, independentzia eskaerari herriak ematen dio zilegitasuna. Jakina, nazioak ez dira egun batetik bestera sortzen, Eskoziako kasuak erakusten duen bezalaxe, eta borondate hutsa ez da nahikoa nazio bihurtzeko, hamaika etniaren desagerpenak argi uzten duenez. Baina subiranotasunetik abiatuz independentzia lortzea denbora kontua da herri gehienentzat, menperatzaileen jarrera nekez goxatzen delako. Gaurko «Ari Gara» deialdiaren harira, Eskoziako kasuak eredu interesgarria dirudi euskaldunontzat.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo