GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora Urrezko lehiaketako finala

Gipuzkoarren eta nafarren artean lehia bizia espero da

Donato eta Ohian Larretxea Etxebesteren eta Olasagastiren aurka neurtuko dira gaur iluntzean, 20.00etatik aurrera, Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan.

p043_f01.jpg

Jon LEUNDA

Urrezko Aizkorako finala jokatuko da gaur 20.00etatik aurrera Azpeitian, Izarraitz pilotalekuan. Finala barruan denez, eta haizetea iragarrita egon arren, azken orduko ezer gertatu ezean behintzat, Egur Sport enpresak, lehiaketaren antolatzaileak, finala gaur jokatuko zela iragarri zuen atzo.

Bertan Donato eta Ohian Larretxea Etxebesteren eta Olasagastiren aurka neurtuko dira. Larretxea da binaka txapelik gehien lortu dituen aizkolaria. Miel Mindegiarekin lortu zuen bat, bestea Xabier Mindegiarekin, eta azkeneko biak Atutxarekin. Gaurkoak, ordea, ilusio berezia egiten dio: «Ez da ohikoa maila honetako final batean aita eta semea elkarrekin final bat jokatzen ikustea, eta ez da dudarik ilusio berezia egiten didala. Hirugarren txapela jarraian lortzeko aukera daukat, eta orain, gainera, semearekin batera. Ez dago gehiago eskatzerik», esan du nafarrak.

Aurrean bi beterano, Olasagasti eta Etxebeste. Joxemarik ere ilusio handia du: «Final bat jokatzeak beti ematen dizu ilusioa, eta gaurkoak ere horrelaxe ematen digu. Uste dut lan ona egin dugula orain arte, eta gaur ere saiatuko gara nafarrak estu hartzen», azaldu du igeldoarrak.

Bere ustez, iraupen probara bitarte, gainera, ez omen da erabakiko. «Aurretik zaila da ezer erabakitzea. Oraingoan zutik mozteko enbor handiagoa izango dugu, baina hor aldea ateratzea zaila da. Iraupenekoan erabakiko dela uste dut. Enborrak ere ustez onak dira, baina barruan nahikoa da adarren bat ateratzea denbora dezente galtzeko. Halere, zaila izango da azken saiora heldu baino lehen erabakitzea», esan du gipuzkoarrak.

Larretxeatarrak ere bat datoz horrekin, haien ustez ere ez delako tarte handirik izango aurretik. Adituen ustez, gainera nafarrak dira faborito, baina Donatok gauzak ez ditu horren garbi ikusten: «Jendeak gauza bat esan dezake, baina kontuak ez dira horren garbiak. Txapelketa hasi aurretik jendeak Etxebeste eta Olasagasti ez zirela inora helduko esaten zuen, eta finalean daude. Eskarmentu handikoak dira, eta kontuz ibili beharko da beraiekin», esan du Donatok.

Berak final asko jokatu ditu, baina bere semeak lehen final handia izango du. Hala ere, nahiko lasai ikusten du: «Ongi dago. Joan den astean belaun inguruan ebakia egin zuen, eta sei puntu eman zizkioten. Horrek kezkatzen du apur bat, baina uste dut bestela nahiko ongi dagoela».

Olasagastik ez du uste gakoa Ohian Larretxearengan egongo denik: «Egia da eskarmentu handiko hiru aizkolari goazela, eta Ohian dela berria, baina horrek ez du esan nahi gutxi egiten duenik. Lan handiak egiteko prest dago. Agian bakarrik joanda urduriago izango litzateke, baina aita alboan duela ere lasaiago arituko da. Guk geurea egin behar dugu, ahal bada, azken probara aurretik heldu, eta atzetik bagoaz, aldea txikia izan dadila», dio Joxemarik.

Zilarrezkoa

Urrezko aizkoraz gain, Zilarrezko Aizkorako finala ere jokatuko da. Alde batetik, Mugertza anaiak izango dira eta, bestetik, Olano eta Saralegi. Lehiaketa honetan Mugertza III.a Aizpururekin zen izatekoa, baina honek min hartu zuen, eta horregatik sartu da Mugertza II.a. Mugertza gazteena izan ezik, gainera, beste hirurak maila nagusiko lehiaketan ere aritu dira.

Zaleen ustez, leitzarrak dira faborito, baina gipuzkoarrek garaipena erdiesten badute ere, ez da horrenbesteko ezustea izango. Mutrikuarrek eskarmentu handiagoa dute, eta honelako lehiaketetan hori oso garrantzitsua izaten da. Beraz, Gipuzkoaren eta Nafarroaren arteko bi dema izango dira gaur gaueko final handian. Norgehiagoka 20.00etan hasiko da, eta ETB-k bihar eskainiko du.

Bigarrena

Urrezkoarekin batera, gaur Zilarrezkoa ere jokatuko da Izarraitz pilotalekuan, eta bertan Mugertza anaiak Saralegiren eta Olanoren aurka arituko dira. Hemen ere gipuzkoarrak eta nafarrak izango dira aurrez aurre.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo