GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Munduko Sokatira Txapelketa

Euskaldunek beste hiru domina lortu dituzte

J.L.

Urrezko, zilarrezko eta brontzezko dominak lortu zituzten atzo euskal taldeek Italian jokatzen ari den Munduko Txapelketan. Atzokoarekin, gainera, amaitu da kluben lehiaketa, eta gaur eta bihar selekzioena jokatuko da. Hor Euskal Herriak ez du selekzio gisa parte hartzerik, baina Ñapurra taldea arituko da. Lapurtarrek barruko eztabaidaren ostean, Frantzia ordezkatuz lehiatzeko erabakia hartu zuten eta horiek bakarrik arituko dira gaur eta bihar.

Urrezkoa Abadiñok eskuratu zuen 600 kilotan; bizkaitarrak pozez zoratzen egoteko moduko denboraldia egin dute. Euskal Herriko txapel guztiak lortu dituzte, eta Mundialean lehiatu diren bi pisuetan urrezko domina eskuratu ahal izan dute.

Finalean Bremore talde irlandarra menderatu zuen, eta horrekin munduko txapela bereganatu zuen. Pisu honetan laugarren amaitu zuen Ñapurrak taldeak. Finalerdietan galdu egin zuen Abadiñorekin, eta brontzezko dominaren lehian Clonmany talde irlandarraren aurka galdu zuen.

Emakumezkoak 500 kilotan neurtu ziren, eta 540 kilotako emaitza bera izan zen atzokoan ere. Badaiotzek zilarrezko domina golkoratu zuen, berriro ere finalean Txina Taipei taldearen aurka galduta.

Brontzezko domina ere Euskal Herrira heldu zen, eta hor Sakanak lortu zuen, eta berriro ere Beti Gazte mendean hartuta. Beraz, bezperako emaitzak errepikatu egin ziren.

Amaiera

Bihar amaituko da Munduko Txapelketa, baina gaur eta bihar selekzioen dema izango da, eta hor Ñapurrak arituko da Frantzia ordezkatuz. Lapurtarrak gaur 560 kilotan arituko dira, eta bihar, berriz, 600 kilotan neurtuko dira.

Horrenbestez, gainerako euskaldunen lanak amaitu dira, eta emaitzak ezin hobeak izan dira. Urrezko bi domina lortu dira, biak ere Abadiño taldeak lortu ditu. Zilarrezko hiru domina ere lortu dira. Bi Badaiotz taldeak eskuratu ditu, eta bat, berriz, Amaiurrek. Brontzezkoak ere bi izan dira, eta biak Sakanak lortu ditu. Beraz, emaitzak ezin hobeak izan dira, eta euskal ordezkariak gustura egoteko moduan daude. Abadiñok Euskal Herriaren nagusitasuna erakutsi du munduan zehar, eta Badiotzek ere lan bikaina egin du, nahiz eta urrezko dominarik janzteko modurik ez duen egin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo