GARA > Idatzia > Kultura

Aukeran dantza taldeak Arriaga antzokira dakar «Gernika, mihise gaineko dantza»

p050_f01_97x92.jpg

GARA | BILBO

Aukeran dantza-taldeak Gernikako bonbardaketa berpiztuko du bihar, Bilboko Arriaga antzokian «Gernika, mihise gaineko dantza» ikuskizuna dantzatuta.

Edu Muruamendiarazen gidaritzapean, hamaika izango dira taularatuko diren dantzariak, 1937ko apirilean Gernikak pairatu bonbardaketa latza irudikatzeko. Ikuskizunean dantza tradizionala eta garaikidea elkartzeaz gain, argiak eta koloreak ederki erabiliko dira agertokian giro ezberdinak sortze aldera.

Muruamendiaraz, zuzendaritza lanez gain, koreografia sortzeaz ere arduratu da eta ikuskizunaren gidoi eta zuzendaritza eszenikoa berriz, J. A. Vitoria eta Garbi Losadarena da. Dantzari taldean, berriz, Aiert Beobide, Iurre Aranburu, Gotzon Poza, Maitane Mugika, Ander Errasti, Onintza Odriozola, Ioritz Galarraga, Naikari Galarraga, Ekain Kazabon, Ane Anza eta Garazi Lekuona ibiliko dira hona eta hara.

1997an Donostian sortu Aukeran taldearen azken ikuskizun hau iragan urriaren 17an estreinatu zen Gernikako Lizeo antzokian, eta Villabonan eman zuten gero, abenduaren 26an. Orain Arriaga antzokian taularatuko da, eta gero beste toki batzuetara ere joko du: Iruńea, Tolosa, Amurrio, Santurtzi eta Donostia. Azken saioa gainera, datorren azaroaren 14an dantzatuko dute Irungo Amaia antzokian.

Hildakoen testigantza

«Gernika, mihise gaineko dantza» lanak, giza errealitate ezberdinetara hurbilduaz, hausnarketa eragin nahi du. Horretarako, lehenengo pertsonan kontatutako bizipenak gogora ekartzen ditu, pertsona ezberdinen bizipen eta testigantzen arteko lotura osatuz.

Ikuskizunean, bonbardaketan hil zirenek kontatzen dute, berpiztu ondoren, egun hartan Gernikan jazotakoa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo