GARA > Idatzia > Mundua

Gerra hotsak ez dira isildu Darfurren, bake prozesuari hasiera eman arren

Gerra hotsak ez dira isildu Darfurren, bake prozesuari hasiera eman arren. Eskualdean pisu gehien duen JEM taldeak eta Gobernuak su-etena sinatu badute ere, SLAk eta Armadak borrokan jarraitzen dute.

p025_f02_148x184.jpg

GARA | KHARTUM

Gobernuak eta JEM taldeak sinatu berri duten su-etenak itxaropena piztu du Darfurren. «Bakea lortzeko bidean akordio garrantzitsua da, eskualdean gaitasun militar handiena duen taldea baita», adierazi zuen Vittorio Scelzok. Dohan (Qatar), burutu diren negoziazioak gertutik jarraitu ditu San Egidio Komunitate kristauaren izenean. Bere hitzetan, «harremanak normaltzeko» eta mugetako segurtasuna bermatzeko urtarrilean Sudanek eta Txadek sinatu zuten hitzarmenaren ondorioa da su-etena. Testuinguru horretan, Txadeko presidente Idriss Deby-k Khartumera egin zuen bidaia otsailaren 2an.

Hedabideek adierazi dutenez, baliteke JEMek Omar el-Bashir presidentearen alderdiarekin, National Congress Partyrekin, hitzarmen politikoa sinatzea udaberriko hauteskundeei begira. «Gobernuaren hurbileko jendeak sortu zuen JEM. Gerora, ordea, oposiziora salto egin zuten. Hala ere, jarrera nahiko antzekoak dituzte», azaldu zuen.

Baina JEM ez da Darfurreko talde armatu bakarra. SLA Sudan Askatzeko Armadak ez du bat egin Dohako elkarrizketekin, Darfurreko arazoak konponduko ez dituelakoan. «Zaila da taldeko kide guztiak ados jartzea, horregatik garrantzitsutzat jotzen dugu negoziaketa prozesuarekin jarraitzea. Dohakoa urrats esanguratsua bada ere, hobetu beharrekoa da», zehaztu zuen Scelzok.

Pozik azaldu arren, Darfurrek pairatzen duen indarkeria giroa ez dela egun batetik bestera desagertuko ohartarazi zuen. «Oso eskualde zabala da eta, ondorioz, kontrolatzeko zaila», esan zuen.

Bestetik, Sudango Armadaren erasoak salatu ditu SLAk. «Antonov helikopteroen laguntzarekin, militar kopuru handi batek eraso egin zigun. Hori da Gobernuak eskaintzen duen bakea», esan zuen Al Hillu milizianoak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo