GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Jon Anzaren gaineko «asmakeria» gehiago

Liberation» kazeta frantsesak oraindik orain argitaratutako ikerketak Jon Anzaren desagertzearen gaineko hipotesi nagusia berresten du: Anzaren desagertzean Polizia espainolaren esku-hartzea izan zela. GARAk aspaldi plazaratu zuenez, ordura arte jasotako datu guztiek espainiar Estatuko Polizia seinalatzen zuten, eta gero jasotakoek ere norabide bera agertzen dute. Azken hamarkadetan estatuek euskal gatazka heltzeko moduaren berri duen edonori ez zaio hipotesi hori harrigarria irudituko. Eta Polizia espainolak Estatu frantsesean gero eta kontrol eta presentzia handiagoa duela kontuan izanda, are gutxiago. Perez Rubalcaba Barne ministro espainola, Anzaren desagertzearen inguruko susmoak «asmakeriak» baino ez zirela esan eta desagertzea ETAri egotzi ziona, bere Poliziaren kontrol horretaz harro agertu zen Normandiako atxiloketen ondoren; orduan esan zuenez, badakite nor den ETAko oraingo buruzagi nagusia eta laster atxilotuko dute. Dirudienez, beraz, Polizia espainolak ETAko militanteen identitateak ezagutzen ditu... Jon Anzarena izan ezik, datu guztiek erakusten dutenaren kontra bada ere, logikak eta esperientziak erakusten dutenaren kontra. Auzitegi Nazional espainolak kasuari buruzko eginbideak zabaldu zituen Baionako fiskalak hala eskatuta, baina horrelako txikikeriek -«asmakeriek»- ez dute Gobernu espainola arduratzen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo