GARA > Idatzia > Kultura

Abentura interaktiboa abiatuko du Yolanda de los Bueisek Londresko kaleetan

Yolanda de los Bueis artista bilbotarrak sormen interaktiboan oinarritutako S.O.R. (Spedd Of Reaction) egitasmoa aurkeztuko du datorren martxoaren 27an Londres ekialdeko kaleetan.

GARA | BILBO

KREA Adierazpen Garaikideak eta Caja Vital Kutxaren Gizarte Ekintzak bultzatutako kultur proiektuak, 2008an bigarren aldiz banatu zituen bekak. Ekoizpen artistikoaren atalean banatutako egitasmoen artean, Yolanda de los Bueisen lana zegoen; Hautaketa Batzordeak Bueisi beka ematea erabaki zuen Internet bidez ikusleak lortzen dituen performanceko eta arte interaktiboko konbinazioen sormen berritzailea aurrera eramateko. Hainbat hilabete geroago, egitasmo hark emaitzak izan ditu.

Sortzaile bilbotar horrek martxoaren 27an Londres ekialdeko kaleetan egingo duen S.O.R. (Speed Of Reaction) ekimena jarri du abian. Abentura interaktiboa da eta parte hartzaileei puzzleak ebazten eta beren galderak sortzen laguntzen die sakelako telefonoen, QR kodeen, lineako irristailuen, bideoen eta erreakzio bizkorren bidez.

«Joko serioa» izeneko proposamen hori arratsaldean eta gauean egingo da eta, jarraian, ikus-entzunezko ekitaldia eta sari banaketa izango dira. Deialdia, batez ere, Twitter eta Facebook sare sozialen bidez ari da garatzen.

Abentura interaktibo horren ostean, erakusketa bat egingo da Londresko The Goundry kultur aretoan apirilaren 6tik 10era. Erakusketa horretan, proiektu osoa dokumentatuko da eta, bien bitartean, bertsio murriztuan eta irristailurik gabe jokoa esperimentatzeko aukera eskainiko zaio publikoari.

Ekarpenak

Joko publiko horrek ludikoa denaren oinarrizko arauak aztertzen ditu eta jokoaren benetako munduaren mugei buruzko galderak egiten ditu. Gainera, adarkatze garrantzitsuak ditu artean, performancean eta mundu birtualean.

Martxoaren 27an parte hartuko duten pertsonak proiektuaren egilekide bihurtuko dira. Beste helburuetako bat jokoa arte mota bailitzan garatzeari buruzko eta jokoak kontzeptualki, intelektualki eta emozionalki zorrotzak izan daitezkeela eta ikusle kopuru handia erakar dezaketela dioen baieztapenari buruzko eztabaidari ekarpenak egitea da.

Yolanda de los Bueis (Bilbo, 1967), Arte Ederretan lizentziaduna da eta Londresen burutu ditu graduondokoak. Zinema sari ugari eta bekak ere eskuratu izan ditu. Horien artean, Lakuako Gobernuak 2004an emandakoa. Bere lan esperientzia web diseinu eta multimedian eta bideoan oinarritzen da.

MUNDU BIRTUALA

S.O.R abentura interaktiboa da eta parte hartzaileei puzzleak ebazten eta beren galderak sortzen laguntzen die teknologia berriak baliatuta; jokoaren mugak eta mundu birtuala dira performancearen gakoak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo