GARA > Idatzia > Euskal Herria

Atristain Muret Seysses-en espetxeratu dute eta gaur aztertuko dute bere aurkako euroagindua

GARA |

Amnistiaren aldeko mugimenduak atzo jakitera eman zuenez, Xabier Atristain donostiarra Muret Seysses-eko espetxera eraman dute preso eta bere aurkako euroagindua aztertzeko saioa gaur bertan egingo da. Hortaz, datozen orduetan erabakiko dute Atristain Estatu espainolera bidaliko duten ala ez.

Xabier Atristain Gorosabel joan den larunbatean aurkeztu zen Biarritzeko polizia-etxean eta bertan atxilotu zuen Polizia frantsesak. Estatu espainoleko segurtasun indarrek bere izena zabaldu zuten azken sarekadaren ostean.

Iragan otsailaren 14an Ibai Beobide atzeman zutenetik segurtasun indarrak lau pertsonaren bila zebiltzan eta horietako bat hogeita hemeretzi urteko donostiarra zela zabaldu zuten informazio agentzien bitartez. Gainerako hirurak Ekhiñe Eizagirre Zubiaurre, Jone Lozano eta Eider Zuriarrain direla jakinarazi zuten iturri berberek.

Bere kabuz komisariara

Joan den larunbatean, GARAk Baionan duen egoitzara dei egin zuen Xabier Atristainek berak, Biarritzeko komisarian aurkezteko asmoa zuela jakinarazteko. Donostiako bizilagun honek babesgabetasun egoera bat ekidin nahian Poliziaren egoitzara bere kabuz joatea nahiago zuela adierazi zuen.

Atristainen deia jaso eta hortik denbora gutxira, informazio agentzia espainolek atxiloketaren berri eman zuten. Atxiloketa Biarritzeko komisarian gertatu zela eman zuten aditzera eta Atristainek bere burua «entregatu» zuela baieztatu zuten.

Larunbatetik atzo arte ez zen donostiarrari buruzko berririk izan. Non zegoen ere ez zuten esan eta Estatu espainoleko Barne Ministerioak ere ez zuen ezer adierazi.

Azkenean, atzo, amnistiaren aldeko mugimenduak Atristainen egoeraren berri eman zuen. Hala, gaur jasoko du Atristainek bere aurka dagoen euroaginduaren berri Paueko auzitegian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo