GARA > Idatzia > Kirolak> Baskonia

Splitterren lesioa

Beste plasma infiltrazio bat egingo diote eta ez da Cibonaren aurka arituko

A. G.

Caja Laboral Baskoniak ostegunean Top 16ko partida jokatuko du Zagrebeko Cibonaren aurka Fernando Buesa Arena pabilioian. Ordurako Tiago Splitter jokatzeko moduan egongo zela espero bazen ere, pibot brasildarrak ezingo du bertan parte hartu.

Talde gasteiztarrak prentsa ohar baten bidez adierazi zuenez, Splitterri beste plasma infiltrazio bat egingo diote gaur, hirugarrena tratamendu hau hasi zuenetik.

Duela zortzi egun «min jasanezina» sentitzen zuela onartu zuen Spliterrek. Hala ere, Cibonaren aurka jokatzeko itxaropena bazuen. Atzo galdu zuen itxaropen hura.

Sailkapena, merituzkoa

Bestalde, Top 16ko azken partida horren inguruan mintzatu ziren atzo Josean Kerejeta Saski Baskoniako presidentea eta Mirza Teletovic jokalaria. Biak ala biak baikor mintzatu ziren, baina Kerejetak final-laurdenetan sartzea «merituzko balentria» dela azpimarratu nahi izan zuen.

«Khimkiren aurka etxean galdu ostean sailkatu gintezkeela esan izan baligute, ez genukeen sinetsiko. Eta hori gure jokalari onena, Splitter, falta zaigularik eta Herrmann eta Oleson beren sasoi onenetik urruti daudelarik!», gogorarazi zuen.

Teletovicek, berriz, Baskonian jarraitu izanaz ez dela «damutzen» onartu zuen, baita «taldeak aurten bertan tituluren bat irabaz» dezakeela adierazi ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo