GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

BEREZKOAK Desafioa

Waltarik orain arte beti aldeko izan duen sakea izan zuen etsairik handiena bikoaren aurkakoan

WALTARI 28

OHIENART-HEGIABERE 45

Jon LEUNDA

Garbi zegoen atzo Binakako Amateurren Txapelketako txapeldunen aurkako desafioan sakeak sekulako garrantzia izango zuela, eta horrelaxe izan zen, nahiz eta oraingoan gauzak alderantziz izan ziren.

Normalean kubatarra izaten da hasierako jokaldiarekin sekulako triskantzak egiten dituen pilotaria, baina atzokoan berari egin zizkioten 15 kintze hasierako jokaldiari esker, eta bikote baten aurka ari den batek ezin ditu horrenbeste sake jaso, bestela ezinezkoa baita partida irabaztea. Atzo horixe gertatu zitzaion.

Ohienartek saketik asmatu egin zuen. Beti gibeleko sarea topatu nahi izan zuen, eta ia beti asmatu egin zuen. Hala, Waltari ezinean aritu zen. Oso azkar, azkarregi galdu zuen emozioa partidak, hasi eta minutu gutxitan 6-23 aitzineratu baitzen bikoa, eta garbi geratu zen norgehiagokak zein bide hartuko zuen. Kubatarra ahalegindu zen, behinik behin, norgehiagoka itxuratzen, eta horixe lortu zuen, baina atzokoan alde handia egon zen; alde hori sakean egon zen, eta kubatarrak normalean alde izaten duena, atzo etsai bihurtu zitzaion. Gainerakoan partidak ez zuen izan ez emoziorik, ez eta jokorik ere, bikoa uste baino errazago aritu baitzen.

Orain, larunbatetik aurrera Binakako Txapelketa abiatuko da Saran. Bertan Bielle eta Harizmendi Ibarrolaren eta Ducassouren aurka arituko dira. Igandean, berriz, Armendarizen izango da partida, eta han Waltari eta Etxeto Sorhueten eta Ozafrainen aurka ariko dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo