Bizikletaren erabilera aztertuko du Bizi!-k herri galdeketarekin
Ainize BUTRON | BAIONA
Lapurdi osorako 40 kilometroko bizikleta bidea baizik ez dago gaur egun. Gabezia hori kontuan harturik, eta bizikleta garraio motak merezi duen garrantzia eman diezaioten eskatzeko, Bizi! mugimenduak bizikletari buruzko herri diagnostiko bat abian jartzea erabaki du. Ekainera bitartean, Baionan, Angelun eta Biarritzen bizikleta baliatzen dutenei zuzenduriko galdeketa eginen du.
Bertan, erabiltzaileek dituzten ohiturei buruzko galderak pausatzeaz gain, garraio mota hori erabiltzean zein arazo izaten dituzten jakin nahi dute Bizi!ko kideek.
Bizi!-ren web gunearen bitartez eta eskuz esku zabalduko dituzte galdeketa orriak, eta emaitzak BAB herri elkargoan garraio publikoa kudeatzen duen SMTC egiturari helaraziko dizkiote.
«Hainbat komisio daude Bizi!-ren barnean, eta horietariko batean bizikleta garraioa aztertzen da. Galdeketa horretatik harago, lan sakon bat bideratzen ari gara. Oso zaila da gaur egun bizikletaz ibiltzea eguneroko bizitzan», erran zuten mugimenduko kideek. Bizi!k argi utzi zuen ez duela erakundeen ordez lan egin nahi, arlo horretan dagoen arazoa mahai gainean jarri nahi duela baizik.