GARA > Idatzia > Mundua

Lurrikararen errepliken artean hartuko du Txileko presidente kargua Piñerak

Otsailaren 27an herrialdea astindu zuen lurrikararen eta tsunamiaren erreplikek ikara eragiten jarraitzen duten bitartean, Sebastian Piñera enpresa gizon aberatsak Txileko presidente kargua hartuko du gaur Valparaison. Orain, berreraikuntza lanetan kontzentratu beharko du.

GARA

Sebastian Piñera, 60 urteko negozio gizon aberatsa, Txileko presidente izendatuko dute gaur, herrialdea otsailaren 27an hainbat eskualde oso-osorik suntsitu zituen lurrikararen eta tsunamiaren ondorengo berreraikitze lanetan buru-belarri murgilduta dagoela. Hondamendiaren egunetik, erreplikak ia etengabeak izan dira eta, adituen ustez, indartsuena heltzear dago oraindik ere.

Valparaiso hirian dagoen Txileko Parlamentuan kargua hartu eta berehala, gobernuburu gisa aurreneko bidaia egingo du Piñerak. Hain zuzen ere, hiru olatu erraldoik erabat txikitutako Constitucion kostaldeko hirira egingo du bidaia hori, herrialdeak uneotan bizi duen egoera kontuan izanda balio sinboliko handia duena.

Sebastian Piñerak Michelle Bachelet sozialdemokratari hartuko dio lekukoa. Horrenbestez, 1990ean Augusto Pinocheten diktadura amaitu zenetik zentro-ezkerrak izandako nagusitasunari amaiera emango zaio. Herrialdeko berreraikitze lanek, hala ere, bigarren mailan utzi dute gaur gauzatutako den aldaketa historikoa. Izan ere, ekonomisten aburuz, lanen kostuak o,4 puntutan murriztuko dute herrialdeko hazkundea aurten; 0,3 puntu aurreneko seihilekoan eta 0,1 puntu bigarrengoan.

Berreraikuntza lanak

«Nirea berreraikuntzaren gobernua izango da», adierazi zuen La Moneda jauregiko maizter berriak. Zentzu horretan, larrialdi neurriak hartuko dituela iragarri zuen Piñerak, «2010eko aurrekontuak errealitateari eta hondamenditik eratorritako beharrizanei egokitzeko».

Lurrikara azken mendean izandako bortitzena izan zen 8,8 gradurekin eta tsunami izugarria ere eragin zuen. Hala, orotara 497 hildako eta 260 zauritu izan ziren gutxienez Txilen.

Maule eta Bio Bion, gehien kaltetutako eskualdeetan, 1,2 milioi dolar inguru (880 milioi euro) beharko dira 40 zubi konpontzeko. Horrez gain, beste 3,6 milioi dolar (2,6 milioi euro) beharko dira osasun zentroetarako. Ameriketako Estatu Batuetako aseguru-etxeek egindako kalkuluaren arabera, kalteak 15 milioi dolar (10,9 milioi euro) baino gehiagokoak izan daitezke orotara.

Urtarrilaren 17an, Piñera presidente hautatu zutenean, aurreikuspenak oso onak ziren berarentzat: urtebeteko atzeraldi ekonomikoaren ondoren, Txileko ekonomia hazten ari zen eta herrialdeak aurten %4,5eko hazkundea izango zuela kalkulatzen zen. Hori, aldiz, goitik behera aldatu zen lurrikararekin eta, Bacheletek esan zuen legez, «hiru edo lau urteko berreraikuntzari» aurre egin beharko dio orain Txilek.

«TXILETARREN AMA»

Michelle Bachelet, «txiletar guztien ama», onik atera da lurrikarak eragindako krisialditik eta, aldez aurretik bezala, txiletarren %84 ados daude bere kudeaketarekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo