GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

«Argi daukat berriz hutsetik hasiko naizela, pilotari berri bat bezala»

p047_f02_50634.jpg

Abel Barriola | Aspeko pilotaria

Datorren maiatzaren 18an 32 urte beteko dituen arren, Leitzako atzelariak argi onartu digu bihartik aurrera berriz ere hutsetik hasiko dela bere ibilbidea. Eskuin belauneko lotailu gurutzatua apurtu ondoren, hasieran sei hilabetekoa izan behar zuen geldialdia hamaika hilabetera luzatu da azkenean. Bere itzulera esku pilota profesionalak izan zezakeen berririk pozgarriena da.

Asier AIESTARAN

Beste pilotari guztien baimenarekin, Abel Barriola elkarrizketatzea gozamen hutsa da. Ideiak oso argi ditu, eta are argiago azaldu dizkigu guri.

Zer burutazio izan dituzu azken egunotan?

Sentsazio oso onak dauzkat. Egun hauetan oso lasai ibili naiz, momentua gozatzen. Eguneroko lanarekin jarraitzen dut, orain arte bezala, baina jakinda ostiralean, hamaika hilabeteren ondoren, berriz ere txuriz jantziko naizela. Une berezia izango da, eta are gehiago nire herrian jokatuko dudala jakinda. Gogo handiz nago berriz ere pilotari sentitzeko.

Leitzakoa ez da profesionaletan gehiegi erabiltzen den pilotalekua, baina zuretzat oso berezia izango da han jokatzea.

Horrenbeste denbora jokatu gabe egon ondoren, partida hau berezia izango litzateke bai Leitzan jokatuta bai Euskal Herriko beste edozein tokitan jokatuta. Baina argi dago norbere herrian jokatzeak beti daukala balio berezi bat. Gainera gustuko dudan frontoia da eta oso ongi ezagutzen dudana. Nahiz eta urtean zehar gutxitan jokatzen dugun lekua izan, hemen jarri digute eta gustu handiz jokatuko dut bertan.

Jakin izan dugu azken aste hauetan entrenamendu oso onak egiten ibili zarela. Esan al daiteke fisikoki jada bikain zaudela?

Dezente hobeto nago. Azkenean, errehabilitazio prozesu batek bere pausoak segitu behar ditu eta azkenengo urratsa lehiaketan murgiltzea da, pilotarion kasuan txuriz jantzita pilotalekura irtetea. Hainbeste denbora eta gero, beti geratzen da beldurren bat eta mugimendu jakin batzuetan, askotan neroni konturatu gabe, hanka kentzeko joera daukat. Eta hori ez egiteko modurik onena partida ofizialak jokatzea da, dagoen tentsioak beldur horiek gainditzera eramaten zaituelako. Uste dut pauso hori emateko unea zela. Oraindik jokoa hartzen joan beharko dut, baina konturatzen naiz entrenamenduetan astetik astera hobekuntza nabarmena egiten dudala.

Aurretik ere denboraldi luzeak eman izan dituzu jokatu ezinik, eskuko arazoak direla-eta. Esango zenuke orduko esperientziak lagundu dizula oraingo geldialdia hobeto eramateko?

Zalantzarik gabe, bai kirolari bezala eta bai bizitzako beste alderdietan izandako esperientziak lagungarriak izaten dira etortzen diren arazoei aurre egiteko. Baina bestalde, ezin da ahaztu lesio bakoitza ezberdina izaten dela. Mindutako gorputz atala ezberdina da, garaiak ere ezberdinak dira, pilotari gisa neukan egoera ere ezberdina zen... Zaila da konparazioak egitea. Gauzak horrela etorri ziren eta saiatu naiz buru-belarri egoerari ahalik eta ondoen aurre egiten. Une zailak pasa ditut baina orain pozik nago egindako lanarekin.

Eta Buruz Burukora begira, partidak jokatzen hasitakoan erabakiko omen duzu parte hartu ala ez.

Bai. Uste dut gauza bakoitzak bere garaia izaten duela. Une honetan garrantzitsuena berriz ere partida ofizialak jokatzen hastea da. Argi daukat berriz hutsetik hasiko naizela, pilotari berri bat bezala, eta pixkanaka nire maila hobetzen saiatu behar dut. Iritsiko da momentua non buruan eskuz banakakoa izango dudan, eta orduan hartu beharreko erabakia hartuko dut. Baina orain ez da horretan pentsatzeko garaia, baizik eta kantxetara bueltatzekoa, gozatzekoa, eta eguneroko lana behar bezala egitekoa.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo