«Euskal hezkuntzaren aurkako neurriei aurre egingo diegu»
Edurne Larrañaga oiartzuarrak, Politika eta Administrazio Zientziak ikasketak egiten ari bada ere, Euskal Herriak Bere Eskola hezkuntza alorreko ekimenean buru-belarri dabil eta horretan ematen du denbora gehien. Argi du zein den euren ametsa: hezkuntza eskubideak errespetatuko dituen euskal eskola publikoa.
Janire ARRONDO
Nafarroan, EAEn zein Ipar Euskal Herriko hezkuntza munduan azkenaldian ezarri diren lege, dekretu, itun eta neurri «inposatzaileen aurka» protesta egitera deitu du Euskal Herriak Bere Eskolak larunbat honetan Bilbon. Era berean, euskal hezkuntza nazionala aldarrikatuko dute ehunka lagun bilduko dituen manifestazioan. Zita jarria dago: 17.30ean, Bilboko Arriagan.
EHBEko kide Edurne Larrañagak eman dio GARAri ekimenaren berri.
«Inposaketarik ez! Euskal Herriak Bere Hezkuntza» leloa izango du larunbateko manifestazioak. Zer salatu eta aldarrikatuko duzue bertan?
Lelo horren atzean jende andana bilduko duen manifestazioa izatea espero dugu. Ikusten ari gara azkenaldian hezkuntzan ematen ari diren hainbat mugimendu kezka iturri direla. Beraz, uste dugu hori salatu eta erantzuna eman beharrean gaudela. Era berean, aldarrikapenerako aukera ere izango da; hezkuntza sistema nazionala behar dugula aldarrikatuko dugu.
Zein da hezkuntza sistemaren egoera Euskal Herrian?
Guk hiru gako nagusi nabarmentzen ditugu. Batetik, hizkuntza edo euskal irakaskuntza azken hamarkadetan ezagutu gabeko erasoaldia jasaten ari da egun, eta atzean euskararen aurkako gurutzada dago. Gero, curriculuma dago. Argi ikusten da Euskal Herriaren existentziaren aurka ari direla; gure historia ezabatuz, etorkizuna deuseztatu nahi dute.
Hirugarren gakoa berriz, finantzaketaren afera, edo guk hezkuntza herritarra deitzen duguna da. Kontua da, erakundeek finantzaketaren bidez menderatzen dituztela ikastetxeak. Hemengo dikotomia, zentroa publiko edo pribatua izatea, finantzaketaren araberakoa da. Guk defendatzen duguna bereizketa hori eskubideetan oinarritzea da. Alegia, hezkuntza eskubideak defendatzen dituena edo euskalduntzen duena publikoa izan dadila, besteak ez.
Larunbateko manifestazio egiteko asmoa Hezkuntza Deialdia izeneko prozesuan sortu zen. Zer izan da zehazki Hezkuntza Deialdia?
Hezkuntza Deialdia irakasleak, ikasleak, langileak, gurasoak eta norbanakoak bildu dituen gogoeta prozesua izan da. Guztia joan den ikasturtetik dator, administrazio ezberdinetan eman ziren mugimenduak ikusita, kezka sentimendua sumatzen hasi ginen.
Sarasateko Adierazpena izan duzue oinarri...
Helburu ideologikoak eta aldarrikapenak jaso genituen ekainean sinatu genuen hitzarmen horretan, eta hilabete batean 200 deitzaile bildu genituen; ez atxikimenduak, adierazpena bere egin eta haren alde lan egiteko konpromisoa hartu zutenak, baizik. Urtarrilean egin genuen Batzar Irekian oso harrera ona izan zuen eta egoeraren aurrean erantzuteko beharra agerian geratu zen.
Zeintzuk izan dira Hezkuntza Deialdiak finkatutako helburuak?
Guk bi helburu nagusi jarri genituen, jendeak hala eskatuta. Lehenbizi, hezkuntza eremuko eskubide urraketak areagotzen ari direla ikusita, egoerari erantzun bat ematea. Bigarren helburua, berriz, hezkuntza mugimendua esnaraztea zen. Azken urteetan hezkuntza munduko hainbat sektore lozorroan zirela ikusten genuen.
Hezkuntza sistemaren aurrean zein jarrera agertu du sektore bakoitzak?
Ikasleak aktibo agertu dira; grinatsu eta gogotsu ikusi ditugu. Beraiek argi dute: «Muga gorriak hemen ditugu eta ez gara pasako».
Irakasleak eta gurasoak, bestalde, kezkatuta agertu dira. Irakasleak, neurri sorta horiek lan baldintzetan eta bokaziozko duten lanean eragiten dielako. Kexu dira aldaketak egiterakoan ez dituztelako kontuan hartzen. Bestalde, gurasoak, beren seme-alaben heziketaz arduratzen dira. Egun, begirale papera betetzen dute; kontzientzia hartu eta partaide izan nahi dute.
Azkenik, guretzat oso garrantzitsua da herritarren parte hartzea; hezkuntzak herriari eta herriak hezkuntzari egin behar dizkio ekarpenak.
Ba al da ezberdintasunik Euskal Herriko hiru eremu administratiboetan?
Administrazio bakoitzak bere dekretuak, aginduak edo legeak ditu, baina, azkenean hiruretan egoera antzekoa da. Gero eta parekatuago daude gauzak.
Zerekin ados ez zaudeten ikusita, nolako eredua defendatzen duzue?
Euskal Herri osoan euskara ardatz izango duen eredu bat behar dugu, euskaldunduko duena eta Euskal Herria herri gisa aitortuko duena. Curriculum propio baten arabera antolatuko litzateke, eta edukien nolakotasuna guztion artean erabakiko genuke. Gure ametsa hezkuntza eskubideak errespetatzen dituen eskola publikoa da. Hau guztia, haur-eskoletatik hasi eta unibertsitateetaraino.
Hurrengo zita larunbatean jarria duzue, baina, lana ez da hor amaituko. Hortik aurrera zer?
Lehenbizi gogoeta hau orain arte gurekin bidelagun izan diren guztiekin eztabaidatu, baloratu nahi genuke eta guztion artean erabaki zein izango den hurrengo urratsa. Erronka da hezkuntza mugimenduaren gaineko hausnarketa nola bideratu.
Gogoetaren fasea amaitutzat eman, eta euskal curriculumaren, euskaldunduko duen eredu baten eta unibertsitate propio baten alde lanean hasteko ordua da. Hezkuntza mugimenduaren indartzea praktikan jarri behar dugu eta lehendabiziko aukera Bilbon izango dugu larunbatean.
«Euskal irakaskuntza azken hamarkadetan ezagutu gabeko erasoaldia jasaten ari da. Euskararen aurkako gurutzada dago atzean».