GARA > Idatzia > Kultura

Bartzelonako Komiki Azoka euskal marrazkiz beteko da aurten

Maiatzaren 6tik 9ra izango da aurten Bartzelonako Komiki Azoka, Angulemakoaren atzetik Europan dagoen ekimenik garrantzitsuenetarikoa. Ficomic azokak 28. edizioa du honakoa, eta Holanda eta EAE izango dira herri gonbidatuak. Hori dela eta, Getxoko IX. Komiki Azoka Bartzelonan aurkeztuko dute aurten, baita gure komikigintza azaleratu ere, Euskomik standaren eskutik eta euskal ilustratzaileen lanak bildu dituen «Irudika» katalogoaren bitartez.

p048_f01_199x116.jpg

Anartz BILBAO | BILBO

Maiatzaren 6tik 9ra bitarte Montjuiceko Firan izango da aurten Ficomic, Bartzelonako Komiki Azoka ezaguna. Honakoa 28. edizioa du Angulemakoaren atzetik Europako azoka garrantzitsuenetarikoa denak, eta Holandarekin batera, Getxoko Komiki Azokari eskaria luzatuta, euskal komikilariak gonbidatu ditu, beraien lanak bertan aurkez eta erakuts ditzaten.

EAE dugu, beraz, aurtengo Ficomic azokako herri gonbidatuetako bat. Hori dela medio, toki garrantzitsua izango du bertan, bai espazioz bai edukiz. Atzo Euskal Ilustratzaileen Elkarte Profesionaleko lehendakari Daniel Martinek iragarri zuenez, 150 metro koadroko Euskomik standa jarriko dute bertan, hiru atal ezberdin izango dituen gunea.

Lehen atalean liburutegi antzeko bat jarriko dute informazio gisara, EAEn plazaratutako aldizkari, katalogo, flyer eta abarrekin; «gurean komikigintzan dugun mailaren, sortzaileen eta baliabideen isla izatea da asmoa». Bigarren gune batean, erakusketa antolatu dute, 22 ilustratzaileren lanak biltzen dituena; «protagonista sortzaileak izan daitezen nahi dugulako». Bertan izango dira, besteak beste, Borja Crespo, Javier de Isusi, Rakel Alzate, Santi Valenzuela edo Simonides eta Orue. Eta hirugarren eta azken gunean, areto nagusia paratuko dute, euskal komikiaren egungo egoera aztertzeko ekitaldiz osatua.

Atzo, baina, harrigarriro, ez zuten Euskomiken burutuko dituzten ekintzen egitaraua ezagutzera eman, «oraindik ez baitago guztiz itxita». Hala ere, solasaldi, aurkezpen eta antzeko ekintzetarako tartea ireki nahi dute, eta, ziurtatu dutenez, bertan izango dira gurean komikiarekin zerikusia duten ekimen, argitaletxe, azoka eta abarrak: La Alhondiga Bilbao, Getxoko Komiki Azoka, KREA, Donostia Kultura, «Xabiroi» aldizkaria, Astiberri eta Saure argitaletxeak...

Getxoko Komiki Azokaren izenean, hain zuzen ere, bertako alkate Imanol Landa mintzatu zen, eta «gure azokaren bederatzigarren edizioa aurrenekoz Bartzelonan aurkeztea ohore bat» izango dela ihardetsi zuen.

«Irudika» katalogoa

Ficomicen euskal komikiak izango duen lekuaren berri eman ondoren, Daniel Martin ilustratzaileen lehendakariak «Irudika» katalogoa aurkeztu zuen. Euskal Herriko 30 ilustratzaileren lanak agertzen dituen liburuxka dotorea sektoreko profesionalen lanari zabalpena emateko erabili nahi dute, eta asmo horrekin eramango dute Frankfurt eta Bolognako liburu azoketara; azken hori da haur eta gazte literaturak duen azokarik garrantzitsuena.

Paperezko katalogoaz gain, «Irudika»-k sarera ere salto egingo du aurki, Kulturklik webgunera.

GETXOKO AZOKA

Getxoko Komiki Azoka da gurean, hasiberria den Irungoarekin batera, komikiak duen elkargunerik garrantzitsuena. Aurten bederatzigarren edizioa dute, Bartzelonan aurrenekoz aurkeztuko dutena.

Fitxa

Azoka: 28. Ficomic.

Data: Maiatzaren 6tik 9ra.

Lekua: Montjuic (Bartzelona).

Herrialde gonbidatuak:

Holanda eta EAE.

«Irudika» katalogoa, 30 euskal ilustratzaile bilduta

Diren guztiak ez daude bertan -ezinezkoa litzateke-, baina Euskal Ilustratzaileen Elkarte Profesionalak 30 ilustratzaileren laginak biltzen dituen «Irudika» katalogo dotore osoa plazaratu berri du, «gizartearen aurrean eta bilduta agertzeko asmoarekin». Modu honetan, eta Daniel Martin elkarteko lehendakariaren esanetan, Euskal Herriko «ilustrazioaren egungo egoera sortzailearen berri» ematen da, «premiazkoa baitzen hutsune hori estaltzea».

«Irudika» katalogoaren lehen zenbakiak «une jakin bat islatzen du», Daniel Martinek dionez, eta «azkena eta bakarra ez izatea espero dugu». Bertan ageri diren ilustratzaileak «belaunaldi, estilo eta lan esparru ezberdinen» isla dira, eta, besteak beste, ipuin eta liburuen ilustratzaile, komiki sortzaile, egunkarietako zein publizitaterako afixa egileen jarduna erakusten du.

Ilustratzaileen artean, eta batzuk baino ez aipatzearren, TMEOn argitaratu izan duten Mauro Entrialgo eta Alvaro Ortega, komiki sortzaile diren Raquel Alzate eta Javier de Isusi, Eider Eibar eta Elena Odriozola liburu ilustratzaileak eta egunkarietan argitaratu izan duten Mattin, Antton Olariaga edo Mikel Valverde daude. A. B.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo