Hamabosgarrenez, Iparra Hegoa astea egingo da Seguran
Ekimen ugariz osaturiko egitaraua eskainiko du, aurten ere, Iparra Hegoa asteak. Elkar ezagutza sustatzeko helburuarekin, kultur eta festa giroko ekitaldiez gain, gai sozialak ere jorratuko dituzte martxoaren 22tik 28ra. Aurretik, 20an, mus txapelketako finala jokatuko da.Arantxa MANTEROLA | BAIONA
Urte mordoa da Urruña eta Segurako elkarte batzuk hartu-emanetan hasi eta, elkar ezagutza sustatu nahian, Iparra Hegoa ekimena abian jarri zutela. Geroztik, Euskal Herriko beste elkarte batzuk gehitu zaizkie eta urtero-urtero aste bat antolatzen dute. Aurtengoa, 15. edizioa izanen da eta martxoaren 22tik 28ra hainbat ekitaldi izango dira bertan.
Beñat Elizondo, Urruñako Kuxkuxtu txarangako kideak eta Luli Telleria Elorri elkarteko ordezkariak, egitaraua aurkeztean, lagun taldeen arteko topaketa izaten hasi zena, egun, oso finkatua dagoen ekimena dela nabarmendu zuten. «Kultura eremutik harago, alor sozial edota ekonomikoarekin zerikusia duten gaiak ere jorratzen ditugu», esan zuten, aurten lurraren gaiaren inguruan egingo dituzten mintzaldiak aipatu aitzin.
Herri-eskubideak, Lurraren berotzea eta Lapurdiko AHTren proiektua izango dituzte hizpide martxoaren 22, 23 eta 24an hurrenez hurren, gaiotan aditu diren hizlarien parte hartzearekin.
Bertso afaria, Segura eta inguruko eta Sara, Senpere eta Urruñako ikastoletako haurren eguna, margolan lehiaketa, herri kirolak, dantzak, musika, sukalki txapelketa, Araba, Nafarroa eta Irulegiko ardoen dastaketa, herri bazkaria, kontzertuak... Egitarau zabal horren inguruko zehaztasun gehiago iparrahegoa.blogspot.com helbidean izango dira.
Mus txapelketako finala
Bestalde, Nafarroako Orreaga elkartearekin eta beste batzuekin orain hiru urte martxan jarri zuten Euskal Herriko Mus Txapelketako finala martxoaren 20an izango dela gogorarazi zuten. Lurralde guztietako ia 2.000 bikotek hartu dute parte aurten eta horietako 128k jokatuko dute finala Seguran.
Urtetik urtera errotzen joan den ekimena da Iparra Hegoa. Aste horretan Segurara joaten den jendetza ikusita, herriko festak baino «arrakastatsuagoa» bihurtzen ari delaesan zuten.
Duela hiru urte abian jarri zuten txapelketa izugarri handitu da. Aurten lurralde guztietako ia 2.000 bikotek hartu dute parte. Euskal Herriko mus federazioa sortzea dute helburu.