GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Laura Mintegi idazlea

Zenbat Nafarroa dauden

 

Ez dakit zenbat Nafarroa dauden. Lau, bost, sei Nafarroa ateratzen zaizkit kontuak egiten hasita. Nire haurtzaroko Nafarroa ez da nagusitan ezagutu dudana. Adiskide nafarren Nafarroa ez da beren agintariena. Senideen Nafarroa ez da kidetzat ditudanena. Nafarroak ama-hizkuntza eman zidan, eta berau ez da bizi-hizkuntza dudana, nahiz eta nire eguneroko hizkuntzaren ama Nafarroa izan. Bizi nauten Nafarroek ez dute elkar ezagutzen. Lepoa emanda bizi dira, onean. Txarrean, mutur-joka ari dira, neba-arreben arteko borroka ankerrean. «Nafarroa, arragoa, sua eta ura, kondaira urratu baten oihartzun oihukatua, amets bat baino gehiago, ez oparotasun osoa: nahiaren eta ezinaren burrukatoki ekaitzez betea», Leteren hitzetan.

Berebiziko poza sentitu genuen Nafarroa Bai sortzekoa zela jakin genuenean. Nafarrek bereziki, esango nuke. Eta eredua esporta zitekeela zela aldarrikatu genuen. Euskal Herria Bai sortu behar zela proposatu genuen. Alferrik. Nafarroak, ordea, beharrizana zuen, behar gorria, biziraute hutsagatik batu beharra zuten abertzaleek, itota ez hiltzeko. Letek dioenez, «Nafarroa, zuhur eta eroa, lurrik maitatuena, hormarik gabe utzitako etxea: erreka gardenen negarrez ibai lodietara isurtzen ari den odol bustikoarraren iturri bizia».

Orain esan digute Nafarroa Bai «Nafarroa agian» izan daitekeela. Eta ezertxo ere jakin gabe, alderdietan zer gertatzen ari den entzun gabe, ezin ekidin susmoa, hots, desenkontruaren arrazoia ez ote den etxeari horma eta atea jarri zaizkiola, eta ez diotela lekurik egin nahi bizikide berriari, abertzalea bai, baina legeak zokoratua.

Nafarroa, arragoa, eta oinarri eta oinaze...


 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo