GARA > Idatzia > Kultura> Zinema

Demokrazien memoria ezkutua

Iñaki LAZKANO | Kazetaria eta Gizarte eta Komunikazio Zientzien irakaslea

Scorseseren «Shutter Island» (2010) filmak Holokaustoa irudikatzeko duen moduaz kexu azaldu da Bernard-Henri Levy filosofo frantziarra argitaratu berri duen artikulu interesgarri batean. Historia desitxuratuz gero, memoria gal daitekeela uste baitu. Horren beldur da, egiazki. Arthur Miller idazleak, aldiz, denboraren joanak herrialde baten memoria ahanzturara eraman dezakeela idatzi zuen aspaldi. Usu, ordea, memoriaren ate ilunenak propio ezkutatzen dira. Isiltasunaren konplizitateaz.

Zorionez, noizean behin, bihotzaren alde ezezagunean ezkutatutako memoria ilun hori aldarrikatzen duen pelikula bat azaltzen da. Scott Hicks-en «Snow Falling on Cedars» (1999) drama erromantikoa, kasu. Bertan, II. Mundu Gerran AEBetan ere kontzentrazio-esparruak izan zirela kontatzen zaigu. Biktimak ez ziren juduak izan, ostera. Estatubatuar jatorriko japoniarrak baino. Gobernuak 120.000 pertsona kontzentrazio-esparruetan gatibu izan zituen urtebetez. Duintasuna ez ezik, ondasunak ere galdu zituzten. Haietako batzuek, bizia. Agindua ez zuen Hitler naziak sinatu, Roosevelt demokratak baizik.

Aste honetan bertan berariaz ahantzitako historiako pasarte gordin bat gogora dakarren «La rafle» (2010) filma estreinatu dute Ipar Euskal Herriko zinema aretoetan. Roselyne Bosch zinemagilearen pelikulak, hain justu, bortitz apurtzen du frantziar zinemak nazismoaren aurkako erresistentziaren mitoaren inguruan eraikitako iragan idealistarekin. Jean-Pierre Melville maisuaren «L'armée des ombres» (1969) aparta eredu duen zinemak estalitako pitzadura etikoak lehen planora baitaramatza; kolaborazionismoaren alderik mikatz zein lazgarriena biluziz. II. Mundu Gerra puri-purian zela, 1942. urteko uztailaren 16an, Petain marexalaren gobernuak 12.884 judu atzeman eta Velodrome d'Hiver-en preso sartu zituen. Deportatuak izan eta gero, Auschwitzeko kontzentrazio-esparruan hilko zituzten ia guztiak. Erruduna Vichy-ko gobernu kolaborazionista izan zen arren, urte luzez isilean gorde dute frantziar demokratek gertatutakoa. Ez gaitzespenik. Ezta barkamen adierazpenik ere. Are gehiago, Alain Resnais-en «Nuit et brouillard» (1955) dokumentala debekatua izan zen gaia ukitu zuelako. Jacques Chirac-ek, 1994ean, mende erdi geroago, aitortu zuen Frantziako Estatuaren erantzukizuna. Beranduegi. Boschen «La rafle» (2010) filma, historia arinkeriaz desitxuratzen duen zinematik urrun, demokraziak ezkutatutako memoriaren apologia samin eta ezinbestekoa da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo