GARA > Idatzia > Kultura> Musika

Tetrabrik bete kantu

Andoni TOLOSA «MORAU» Musikaria

Zeuok, musikari halako balioa ematen diozuen horiek zer esango zenukete kantu bat eta esne litro bat alderatuko bagenitu? Agian hain ezberdinak ez direla konturatuko ginateke. Badirudi, badakigu, esaten digute, esnea behiak bere barnean sortzen duela, eta animaliak irensten dituen belar, pentsu eta bestelakoetan duela oinarri. Bizi baldintzetan, behiaren egunerokotasun errepikakorrean.

Musika, pertsonaren baten barnean sortzen da, eta irentsi dituen elikagaien ondorio zuzena da. Tristura eta ardoa, poza eta arroza... egunerokotasun hanpatzailea. Behiak bost sabel omen ditu, hori egia da, eta gizakiak bakarra, baina bestela, nahiko poliki moldatzen garela dirudi.

Abeltzainaren eskuak dira (makinaren laguntzaz) esne litro hori behiaren barrutik atera eta jasotzen lehenak, maitekiro ahal denetan. Artistaren lagun, famili, musikazale anonimoen pazientzia handiko lana da musika, kantua lehen gorpuzkeran jaso eta, oihartzuna errepikatzea, maitekiro ahal denetan. Esnea, ondoren hura tratatuko duten enpresetara doa, dela artisau kooperatiba, dela lantegi aseptikoa. Kamioi handitan iristen da aluminiozko deposituetara. Musika, antzera, hurbilenekoen eskuetatik alde egin eta jauzi egiten du industriaren mundura, dela artisau kooperatiba, dela lantegi aseptiko, CDtan iristen da apal handien, disko gogor mugagabeen eta ondorik gabeko kajoien mundura. Maketa bihurtu da.

Industriaren kezka nagusia esnea kontsumitzailearen gustu aldakorretara egokitzea da, horretarako litro esne hartu eta teknika konplexu eta garestien bidez tratatu egiten dute; esneari ez zaio aski esne izatearekin. Musika ere ez da ezer bere horretan, teknikoak, grabaketa estudioak, efektuak behar ditu, zenbat eta garestiago orduan eta hobeto. Jende askoren eskuetatik pasa behar du. Disko bihurtzen da. Eta gero, garrantzitsuena, saldu beharra dago. Komertzialak esne litroarentzat, komertzialak musikarentzat. Publizitateak eta komunikabideak. Etekin ekonomikoa atera behar zaio hainbeste jenderen hainbesteko ahalegina saritzeko. Saltokien kontua da, nolanahi ere, esne litroaren eta kantuaren zortea.

Eta nahiko salduko ez balitz, akabo behiak eta akabo kantua sortu duena. Galdetu Euskal Herriko esnezale gehienei, soberakin gehiegi, errentagarritasun gutxi, subentziorik ez badago ez du saiatzeak ere merezi... Orain galdetu musikariei... ea zer erantzuten duten.

Ez dakit zergatik pentsatzen dugun kantu batek litro esne batek baino gehiago balio duela. Argi dago merkatuan antzeko balioa dutena, merkatuarentzat behintzat, industriarentzat behintzat, hutsaren hurrena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo