GARA > Idatzia > Ekonomia

Osalaneko kudeaketa planaren aurkako botoa eman dute ELA eta LABek

GARA | GASTEIZ

Osalaneko 2009. urteko memoriaren eta 2010. urteko kudeaketa planaren aurkako botoa eman zuten atzo ELA eta LABek. Hala ere, memoria eta plana CCOO eta UGTren oniritziarekin onartu zen Osalaneko Kontseilu Nagusian.

Memoriari dagokionez, ELAk eta LABek iaz Osalanek egindakoa lana «eskasa» izan zela salatu zuten. Izan ere, ez dira aurreikusitako ekintza guztiak burutu.

Bi sindikatu abertzaleek salatu zutenez, langile gutxiagok jaso dute prestakuntza, ikuskaritza eta kontrola ez da eragingarria eta laneko gaixotasunak ez dira detektatzen. Horrez gain, dauden gabeziak propagandarekin eta enpresei diru laguntzak emanda bete nahi dituztela gaitzetsi zuten. Halaber, 2010erako kudeaketa plan «hanpatsu eta handinahia» proposatu dutela salatu zuten, mahai gainean jarritako helburuak ez baitira errealistak, are gutxiago Osalanen aurrekontua %8,4 murriztu ondoren.

Osalanek elkarrizketa sozialeko mahaiari lehentasuna ematen diola ere kritikatu zuten ELA eta LABek; izan ere, mahaiak gutxiengo sindikalarekin hitzarmenak egin eta ostean aldaketa horiek kudeaketa planean sartzeko aukera ematen dio Osalani. «Lakuak ez dauka istripuen zergatiei aurre egiteko borondaterik. Gainera, mahaian ez da patronalaren interesen aurkako ezer erabakitzen», esan zuten.