GARA > Idatzia > Ekonomia

Beasaingo CAFek ez die aldi baterako kontratua duten 40-60 bat langileri kontratua berritu nahi

GARA | BEASAIN

Beasaingo CAF lantokiko zuzendaritzak aldi baterako kontrataturiko 40-60 bat langileri ez die kontratua berrituko. Halaxe jakinarazi zien enpresak langileei pasa den asteazkenean, hainbat proiekturen atzerapenak eta geldotzeak argudiatuta.

Langileen batzordeak planteamendu hori ez duela «inondik inora» onartzen adierazi zuen atzo prentsa ohar baten bidez. Gainera, enpresak informazioa ahoz helarazi diela azaldu zuten, eta ez dutela lan kargei buruzko inongo datu objektiborik jaso. Nabarmendu zutenez, CAFek «historia guztiko» lan kargarik handiena du, inoiz baino etekin handiagoak izaten ari da eta munduan zehar enpresa berriak sortzen ari da.

Atzo CAFeko Cartera Social sozietateko kontseilariek -langileek enpresan duten partaidetza kudeatzen du elkarte horrek- bilkura egin zuten eta langileen ordezkariek bertara ez joatea erabaki zuten. Hala, sozietateko ordezkariak bilduta zeuden bitartean elkarretaratzea egin zuten. Bilera egiten ari ziren bulegora ere sartu ziren.

Langileen batzordeak datorren asterako bilera baterako deialdia egin dio enpresari, eta astelehenean enpresak ez badu langileen eskaria onartzen, mobilizazioak erabakitzeko langile-batzarrak egingo dituztela adierazi zuten.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo